Elgoibarko Udalak hizkuntza-erabileraren kale-neurketaren emaitzak aurkeztu ditu, eta ikerketa horren arabera, elgoibartarren %36k hitz egiten dute euskaraz herriko kaleetan. Kirol entrenamenduetan, berriz, euskararen erabilera %56,6koa da. Udalak bi edo hiru urtetik behin egin ohi ditu horrelako neurketak, eta azken biak Soziolinguistika Klusterrak egin ditu. Aurten lehenengo aldiz haur eta gaztetxoen kirol entrenamenduetan erabiltzen den euskara neurtu nahi izan du Udalak. Neurketaren emaitza guztiak www.elgoibar.eus atarian daude ikusgai.