Nekazaritzako ibilgailuen azterketa teknikoak egingo dituzte Mendaron eta Elgoibarren

Barren 2024ko apirilaren 15a

Debemen Debabarreneko landa garapen elkarteak jakitera eman duenez, apirilaren 23tik aurrera egingo dituzte nekazaritzako ibilgailuen aldiko azterketa teknikoak eskualdeko herrietan.

Mendaron apirilaren 23an egingo dituzte IAT azterketa horiek, 12:00etan, Li-Li parean. Elgoibarrera, berriz, apirilaren 25ean etorriko da Bergarako IAT tailerreko unitate mugikorra, Mintxetako aparkalekura, hain zuzen ere. Hara eraman beharko dituzte ibilgailuak, 9:00etatik aurrera. Kontuan hartu behar da unitate mugikorra bakar-bakarrik egun eta toki horretan egongo dela, eta gehiagotan ez.

Bailarako beste herrietako kasuan honakoak izango dira egunak, tokiak eta orduak: Eibarren, apirilaren 23an, 9:00etatik aurrera, Azitain poligonoko Greyhound-eko instalazioetan; Soraluzen, apirilaren 23an, Esozian, 13:30ean. Elgetara apirilaren 25ean ailegatuko da unitate mugikorra, 13:30ean, Pagatza industrialdean. Azkenik, maiatzaren 6an izango da Mutrikun, 09:00etan, Mijoa industrialdean.

Honako nekazaritzako ibilgailuek pasa behar dute IATa: zortzi urtetik 16 urtera bitarteko traktoreek (bi urtetik behin) eta 16 urtetik gorakoek (urtero).
Zalantzak argitu edota informazio gehiago eskuratzeko 943 769 753 telefono zenbakira deitu daiteke, itv.bergara@itasua.com helbidera idatzi edota www.itasua.com web orrian kontsulta egin.