Gabon postalak Mallabiko eta Ermuko etxe guztietara

Estibalitz González 2025eko abenduaren 18a

Bidarteko San Pedro baseliza Arandoño auzotik ikusita eta atzean Anboto mendia, elurtuta. Argazkilaria: Fernan Alonso.

Aste honetan dira banatzekotan udalek etxe eta baserri guztietara ohitura bihurtu diren Gabon postalak, udal ordezkariek jai hauetarako herritarrei helarazi nahi dizkieten asmo onez betetako mezuekin.

Mallabiko udalak Fernan Alonsoren argazki bat du irudi, Bidarteko San Pedro baseliza Arandoño auzotik ikusita eta atzean elurtutako Anboto mendia ikusten delarik. Honekin batera egutegi bat ere banatuko da, herriko argazki zahar eta berriez osatutakoa.

Ermuko postala, ostera, lehiaketa bidez aukeratu da aurten, estreineko aldiz, deialdia OHOko LH4, LH5 eta LH6ko ikasle guztiei zabaldu ostean. Umeen Udal Kontseiluko kideek eta adineko pertsona desberdinek erabaki dute ze irudi saritu eta Isabella Valenciaren marrazki koloretsua aukeratu dute, lau hizkuntzatan Gabon mezuak idatzita dituena. San Pelaio ikastetxean 6. mailan ikasle diharduen neskatoak, Gabonetako argiak piztearen ardura ere izan zuen.