Lasterketa-modalitate berria izango du Hiru Txikiak Trailak

Ander Gomez 2025eko abenduaren 19a

Argazkia: Iraia Agirre.

Artarrai Mendi Taldeko eta Hiru Txikiak Traileko antolatzaileek ezagutzera eman dute datorren lasterketaren data eta kartela (albiste bukaeran ikusgai). Berritasun bezala, 42 kilometroko trailaz gain, 26 kilometrokoa egiteko aukera egongo da.

Debabarreneko mendizaleek badute 2026ko egutegian markatu beharreko data: irailaren 19an burutuko da Hiru Txikiak Trailaren bosgarren edizioa.

Orain arteko modalitateak mantenduko dira: Urko, Oiz eta Egoarbitzako gailurretatik pasako diren 42 kilometroko traila eta martxa; Aixolako urtegiari buelta emango dion 12 kilometroko gazteentzako traila, eta herrigunean egingo den umeen Hiru Txiki-txikiak lasterketa. Baina, horiez gain, trail laburrago baten aldeko apustua egingo dute. Antolakuntzatik azaldu dutenez, "herriak aspalditik eskatzen zuen", baina batez ere "gazteengan pentsatuta" hartu dute erabakia: Gazte Trailean parte hartzetik zetozenek, 12 kilometro egitetik 42 kilometroko egitera pasa behar zuten zuzenean, "alde handiegia gazte batentzat". Horregatik, 26 kilometro eta 1450 metroko desnibela duen traila egiteko aukera emango dute aurten. Laburragoa izan arren, "ibilbide zorrotza" izango dela eta Hiru Txikiaken "betiko esentzia" mantenduko duela agindu dute.

Laster izen-emateak

Inskripzioak itxita daude oraingoz. Datozen egunetan emango da irekiera dataren berri Hiru Txikiak Trailaren sare sozialetan eta hemen, Barrena.eus atarian.