Ehunka herritar Basalgo parke eolikoaren kontrako argazki herrikoian

Ubane Madera Zangitu 2025eko abenduaren 20a

Ehunka herritar Untzagako harmailetan atzo iluntzean, barikua.

Atzo iluntzean, barikua, Eibarko eta inguruko udalerrietako ehunka herritarrek parte hartu zuten Basalgo zentral eolikoaren kontrako argazki herrikoian. Eibarko Mendiak Bizirik plataformak deituta, Untzagako harmailetan elkartu eta zentral eoliko horren kontra alegazioak batzeko kanpainari itxiera sinbolikoa eman zioten. Esan zutenez, egunotan ere segituko dute alegazioak batzen Eibarren zein inguruan, eta, astelehenean entregatuko dituzte guztiak. Dagoeneko 5.000 alegazio baino gehiago batu dituzte. 

Atzo, barikua, Eibarko Untzaga plazan buru-belarri zebiltzan Basalgo zentral eolikoaren alegazioak batzen. Egunotan halaxe egiten ibili dira ere inguruko udalerrietan. Izan ere, astelehenean, abenduaren 22an, bukatuko da Basalgo parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea eta mordoxka bat batu dira.

Atzoko hitzorduaren deitzaileek, Eibarko Mendiak Bizirik plataformako kideek esan zutenez, astelehenean, 13:00etan egin dute hitzordua Eibarko Udaletxearen aurreko aldean “argazki sinbolikoa” ateratzeko, eta, besteak beste, bertan jakinaraziko dute zenbat alegazio batu dituzten Eibarren, Soraluzen, Bergaran eta Elgoibarren mobilizatu diren herritar taldeek. Dena den, atzo aurreratutako datuen arabera, dagoeneko 5.000 herritar pasak babestu dituzte alegazioak.

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak esplikatutakoaren arabera, "herri-alegazioen dokumentuek bederatzi puntu jasotzen dituzte, bost bloke handitan banatuta: proiektuaren lurralde-antolamenduaren araudiarekiko bateraezintasuna, biztanleriaren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina, ingurumen-inpaktu kritikoak, landa-eremua eta kultura-ondarea pobretzea eta baliabide eolikoaren justifikaziorik eza".

Udalak, elkarlanean

Osterantzean, inguruko udalerrietako hainbat erakundek, lur-jabek eta elkartek ere aurkeztuko dituzte alegazioak.

Erakundeei dagokienez, Eibarko, Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalak elkarlanean ari dira. Aste honetako astelehenean, udal horietako teknikariek –arkitektoak, aparejadoreak, ingurumen teknikariak, abokatuak…– beste bilera bat egin zuten Eibarren, bakoitzak duen informazioa gainerakoekin konpartitzeko. Elgetako Udalak, berriz, eguenean egin zuen bilera informatiboa, eta bertan, proiektuari buruzko informazioa ez ezik, Udalak aurkeztuko dituen alegazioen berri ere eman zuten.

Horrez aparte, udal horien artean Kimar Ingurumen Aholkularitza enpresa kontratatu dute, Basalgo zentralak izango zukeen ingurumen inpaktua azter dezan, eta asteon jaso dute edo jasotzear dira diagnostikoa. 

Orain, diagnostiko hori oinarri hartu, bestelako informazioarekin osatu, eta, dena aztertuta, udal horiek alegazioak landuko dituzte. Esate baterako, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak Azurtzatik Ilordorako eremua egokitasun baxuko eremu-gisa sailkatu du, eta, ondorioz, Basalgokoa moduko eskala handiko azpiegitura, berez, debekatuta legoke harako. Azken orduko aldaketarik ez bada, horixe izango da alegazioetako bat.

Horrekin batera, alegatuko dute ere Basalgo proiektua aurkeztu duen Arena Power enpresak ez duela legeak eskatzen dion moduan proiektu nagusiari alternatiba errealik planteatzen, proiektuak sakontasun falta duela eta parkeak askotariko inpaktuak eragingo dituela: besteak beste hidrologikoak, akustikoak, naturalistikoak, paisajistikoak, eta ingurumenarekin, higadurarekin, lur-mugimenduekin zein faunarekin eta florarekin lotutakoak.  

Elkarteak eta lur-jabeak

Elkarteei dagokienez, berriz, proiektuarekiko kontrakotasuna erakutsi dute Soraluzeko Baso Biziak elkarteak, Eibarko Baso Biziak Elkarteak eta Eibarko Klub Deportiboak, besteak beste, eta, batera edo bestera, haiek ere alegazioak aurkezteko asmoa helarazi dute. 

Azkenik, zentral eolikoa eraikitzeko erabili nahi dituzten terrenoetako zenbait lur-jabek ere aditzera eman dute alegazioak aurkeztuko dituztela, parke eolikoak terrenoak jango dizkielako eta animaliendako bazka kenduko dizkielako, besteak beste.

60 solairuko etxeen pare

Urriaren 17an argitaratu zuen Andaluziako Arena Power enpresak Basalgo parke eolikoari buruzko proiektua Euskadiko Buletin Ofizialean. 

Haren arabera, sei aerosorgailu jarri nahi dituzte Azurtzatik Illordorako 2,5 kilometroko mendilerroan, Soraluzeko, Bergarako eta Eibarko lurretan. Haize-errota bakoitzak ia 200 metroko altuera hartuko du –Karakateko antena hiru bider edo 60 solairuko etxebizitza baten besteko altuera–. Konparazioa egite aldera, Oizeko aerosorgailuak 60 metro altu dira eta Basalgokoak hiru bider altuago izango lirateke. 

Errota bakoitzari eusteko, bi futbol zelai besteko lautadak egin nahi dituzte; beraz, guztira, hamabi futbol zelai besteko lautadak, %30 eta %40 bitarteko maldak dauden lekuetan.

Errepideak eraiki

Horrez aparte, aparatu horiek Arrasatetik, Kanpanzarren barrena, Elgeta zeharkatuz eraman nahi dituzte mendilerrora, eta, horretarako, sei metro zabal diren errepideak eraikiko dituzte. Bestalde, parke eolikoan ekoitzitako energia Elgoibarko azpiestaziora garraiatu behar dute, gero handik beste lekuren batera eramateko. Argindarra garraiatzeko, argindar posteak ere behar dituzte. Horrek guztiak, noski, lur mugimendu handiak ere ekarriko ditu.

Kalteak floran eta faunan

Proiektua aztertzen ari diren zenbait adituk esan dutenez, hori guztia eraikitzeak kalte ikaragarriak eragingo ditu mendiko floran eta faunan. Soraluzeko Baso Biziak elkarteak, esaterako, salatu zuen "12.000 zuhaitz txikitu eta milaka tona lur emankor galduko" direla; tartean, babestuko pagadi bat, eta, baita akuiferoak ere.