Gertuko iturrien arabera, Oteizaren pentsamendu artistikoa eta bereziki Amatasuna eskulturaren atzean dagoen sinbolismoa Rosaliaren Lux diskoaren inspirazio iturri izan dira. Azken lan horretan barne-argitasuna, eraldaketa pertsonala eta sorkuntzaren dimentsio espiritualagoa lantzen ditu musikariak eta, zentzu horretan, Oteizaren pentsamendu artistikoarekin “oso lotuta” sentitzen dela adierazi du: “Hutsak duen zentzuarekin, forma konplexuen sinplifikazioarekin eta espiritualtasunarekin”.
Bisita aprobetxatuz, Itziarko Andra Mari eliza ezagutzeko aukera ere izan du musikariak. Itziarko Auzo Udaleko arduradunek nabarmendu dutenez, “halako keinuek Itziarko eta Euskal Herriko ondarearen nazioarteko ikusgarritasuna handitzen dute".
Amatasuna
Eskultura 2001. urtean jarri zuten Itziarko Andra Mari elizaren atzealdean. Euskal Herriko XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetarikoa izan zen Jorge Oteizak Itziarko Andre Mariaren omenez sortu zuen, hain justu, artelana.
Corten altzairuz egindako hiru plantxaz osatua dago eskultura, gorantz bihurrituz zuzendutako hiru elementurekin. Pieza honen berezitasuna ikuslearen perspektiban dago: ikuspegiaren arabera, Amabirjinaren amatasunaren hiru fase desberdin irudikatzen ditu. Alde batetik, haurdun dagoen emakumearen sabela antzeman daiteke; bestetik, amaren sabelean dagoen haurra; eta, azkenik, haurra altzoan duen Amabirjinaren irudi klasikoa.
Horrela, Oteizak bolumenaren eta hutsaren bidez amatasunaren zikloa eta espiritualtasuna irudikatu zituen, inguruko paisaiarekin eta espazio sakratuarekin elkarrizketa zuzena sortuz.
