“Denek gauza bera eskatzen dute: proiektua ez dadila gauzatu. Landa eremuan eta ingurumenean ekarriko lizkiguke kalteak eta inguruko herrietako inguruko bizilagunengan izango lukeen eragina kalkulaezina da. Egunetik egunera eta proiektuz proiektu, gero eta gehiago gara halako makroproiektuen aurrean isilik geratzen ez garenok eta gizartearen ezinegona bistakoa da. Solluben 3.300 sinaduratik gora, PTSaren kontra 4.000 sinadura, Urdaibaiko Guggenheima ere atzera bota da eta orain 6.282 sinadura izan dira Azurtzatik Ilordora bitartean suntsitu nahi duten ingurua babesteko”.
Balorazio horixe egin dute Basalgo parke eolikoaren kontra batutako 6.000 alegazio pasaren aurrean, Eibarko Mendiak Bizirik taldetik, Aritz Larrañaga kidearen berbetan.
Halaber, Larrañagak eskerrak eman dizkie “Elgetako, Bergarako, Elgoibarko, Eibarko eta Soraluzeko udalei alegazio propioak aurkeztu eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eskatzearren proiektua ez dela bideragarria, ez ekologia aldetik, ez ekonomikoki eta ezta sozialki ere”; halaber, jakinarazi du ere Eibarko Mendiak Bizirik taldeak beste 30 alegazio tekniko egin dituela eta horiek guztiak gehitzen zaizkiela elkarte eta partikular ugarik aurkeztutakoei.
"Kalte larriak"
Gogora ekarri dute Basalgo proiektuak 200 metroko altuerako sei makro-aerosorgailu jarri nahi dituela Eibarko, Soraluzeko eta Bergarako mendietan eta afekzioak Elgetara eta Elgoibarrera ere iritsiko liratekeela. “Errotak instalatzeko, sei metroko zabalerako mendiko errepideak eraiki eta egokitu beharko lirateke, eta 200 metroko zabalerako hormigoizko plataformak eraiki aerosorgailu bakoitzaren azpian. Horrek lur-mugimendu izugarriak ekarriko lituzke, eta gutxienez, 13.000 zuhaitzen desagerpena. Parke eolikoa eraikitzeak eta funtzionatzeak kalte larriak ekarriko lizkioke bost udalerrietako natura-inguruneari, landa-inguruneari eta ondare historikoari”.
Behin alegazioak aurkezteko epea itxita, datozen asteotan iritsi beharko luke enpresa promotorearen, Arena Powerren erantzuna. Eibarko Mendiak Bizirik taldetik esan dutenez, enpresak zentralarekin aurrera segitzeko asmoari eutsiko balioke, "behar-beharrezkoa da gizarte guztiaren inplikazioa, argi eta ozen esaten jarraitzeko proiektu hau ez dela bateragarria gizarte jasangarri batean".