Ruben Markina eta Izaskun Asua, San Mameseko Olentzero eta Mari Domingi

Estibalitz González 2025eko abenduaren 26a

Espanyolaren kontrako partidaren aurreko orduak magiaz beteta egon ziren Athletic Clubeko zale txikienentzat, Ibaiganen Olentzero eta Mari Domingiren bisita izan zutelako. Ondoren, lehiaren aurreko minutuetan San Mamesera gerturatutako Athletic zale guztiek bi pertsonaiok zelaian txalotzeko aukera izan zuten. Ruben Markina mallabiarra eta Ermuan bizi izandako Izaskun Asua elorrioarra izan ziren bata eta bestea. 

Estreinako aldiz antolatzen zuen futbol taldeak gabon pertsonaia hauekin ekintza bat eta Ermuko Lekim Animazioak enpresa lotu zuten arratsalde horren nondik norakoak antolatzeko. Bilboko Ibaigane jauregian izan zen lehen hitzordua, bertako beharginak agurtzeko eta bertaratutako umeen gutunak jasotzeko. Ruben Markina, Olentzero adar jotzaile eta zirikatzailea izan zen umeentzat, Izaskun Asuaren jakin-goseak galderaz josten zituen bitartean. Emozioak baina mututu egin zituen neska-mutiko asko, zer erantzun jakin ezinik; dena den, guzti-guztiek irribarretsu hartu zituzten banatu zizkieten posterrak.

San Mamesen gero zelaira atera ziren. Eskutik oratuta, parekidetasunaren irudian bihurtuta, harmailetan ziren milaka eta milaka zaleren ahotik hunkituta entzun zuten Olentzeroren abesti mitikoa, une epiko ahaztezina biziz. 

Kamiseta bana oparitu zien klubak, bakoitzaren izena serigrafiatuta, eta Ibaiganen Jose Angel Iribarren alboan ateratako argazkia, klubak zorion postal bezala erabiltzen dihardu.