Debabarreneko lau txirrindulari Espainiako Ziklokros Txapelketan lehiatuko dira, haietako hiru Euskadiko selekzioarekin

Ainara Argoitia Arano 2025eko abenduaren 31

Taranconen (Cuenca, Espainia) jokatuko dute urtarrilaren 10ean eta 11n Espainiako Ziklokros Txapelketa, eta Debabarreneko lau txirrindulari lehiatuko dira han, haietako hiru, kadeteak, Euskadiko selekzioarekin: Telmo Hernandez (Ermua, 2011), Enaitz Iraolagoitia (Mendaro, 2010) eta Danel Garaizabal (Elgoibar, 2010).

 

 

Punta-puntan dabiltza ziklokrosean eskualdeko txirrindulariak, eta iritsi zaie saria. Orain hurrengo (domekan) Seguran jokatu zuten Euskadiko Txapelketan emaitza bikainak izan zituzten lauk, eta urtarrileko bigarren asteburuan Espainiako Txapelketa jokatuko dute Taranconen, Cuencan (Espainia). Zapatuan lehiatuko dira, kadeteetan, Durangaldeko Bostok Bat taldeko Telmo Hernandez ermuarra, eta Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako (Besa-Geminis) Enaitz Iraolagoitia mendaroarra eta Danel Garaizabal elgoibartarra. 13:50ean hasiko dute lasterketa. Euskadiko txapelduna da Telmo Hernandez eta txapeldunordea Enaitz Iraolagoitia. Danel Garaizabal, berriz, Euskadiko Txapelketako podiumera igotzetik koska batera gelditu zen domekan, laugarren egin baitzuen.

Elite mailako gizonezkoek, berriz, domeka eguerdian izango dute lasterketa, 12:45ean hasita, eta han izango da Telmo Hernandez ermuarra ere. Joan zen domekan, Ermuko Txirrindulari Elkartea ordezkatu zuen Segurako Saria lasterketan, aldi berean Euskadiko Txapelketa izan zen proban. Zirkutuari eman beharreko bederatzi itzuliak 01:01:09ko denboran egin zituen, eta bigarren egin zuen LoGOs Energia taldeko Ismael Esteban kantabriarraren atzetik (00:59:16). Segurako Sarian zilarrezko domina eskuratzearekin batera, gizonezkoen kategoriako Euskadiko txapela jantzi zuen, zazpigarrena txirrindulari ermuarrarentzat.

 

 

 

 

 

 

Erlazionatuak