Urteberri egunez mendietara igotzeko ohiturari eutsiz

Estibalitz González 2026ko urtarrilaren 3a

Urko, Mendibil, Oiz, Arietzu… gure ingurumariko mendi garaienak izanda, urtero Urteberri egunez bisitari asko eta asko jasotzen dituzte, aspalditik datorren eta ondo errotuta dagoen ohiturari men eginez. Aurten ere eta eguraldia lagun, ez da gutxiagorako izan. Argazkiak: Haritz Ramírez.

Berandu erretiratu, berandu esnatu… askorentzat bazkal aurreko ohitura bihurtuta dago mendi tontor batera igotzearena, ezagunei eta ez hain ezagunei eupada bat egin, gertukoagoei urte berri on bat opatu eta enegarren jatordu oparorako pozarren etxeratzea, bezperako larregizko jaki eta edariak neurri txiki baten erreta. 

Atzokoak primerako eguraldia ekarri zuen, eguzkitsua, puntan ipar haize hotzak jotzen bazuen ere. Tontorreko buzoia jo eta koadrilaka, bikoteka, familiaka edo bakarka argazkia egitearena ere usadio bihurtuta dago, pozez eta satisfakzioz goitik beherakoari ekin aurretik. 

Mahai bueltan gero kantatzea suertatu daiteke eta egunak badu bere abesti tradizionala ere, albiste bukaerako audioan entzungai:

Urtebarri barri
txarri belarri,
daukanak
eztaukanari,
nik eztaukat
eta neri
kutxa bete gari!

Argazkia: Estibalitz González.