Venezuelari eraso egin zioten atzo Estatu Batuek eta Nicolas Maduro presidentea eta haren emazte Cilia Flores New Yorkera eraman zituzten, atxilotuta. Nazioarteko iturrien arabera, Euskal Herrian gaur goizaldea zenean iritsi dira Venezuelako presidentea eta emaztea New Yorkera eta Brooklyngo kartzelara eraman dituzte. Han, narkotrafikoagatik eta armak edukitzeagatik epaituko dituzte.
Donald Trump AEBetako presidenteak atzo jakinarazi zuenez, armadaren 150 airekok parte hartu zuten atzoko bonbardaketan. Maduro presidentea harrapatu ostean egin zuen adierazpenetan, gainera, bigarren aldiz erasotzeko mehatxua ere egin zuen Trumpek, chavismoak erresistentzia jartzen bazuen, eta "trantsizio seguru bat" egon arte Venezuela AEBek gobernatuko zutela nabarmendu zuen.
Erasoen ondotik, Venezuelako Auzitegi Gorenak presidente kargua hartzeko agindu zion atzo Delsy Rodriguez presidenteordeari, eta Maduro askatzea exijitu zuen hark, bai eta adierazi ez direla inongo inperioren kolonia izango. Era berean, lasai egoteko eta Venezuela defendatzeko eskatu zien herritarrei.
Venezuelaren kontrako erasoak zein Trumpen ondorengo adierazpenek erreakzio kate soka luzea ekarri dute nazioartean. Munduko petrolio erreserbarik handienetakoak ditu Venezuelak, eta AEBek Venezuelari erasotzeko arrazoia hori dela uste dute askok.
Elkarretaratzeak gurean
AEBek Venezuelari egindako erasoa salatzeko eta Venezuelar herriari babesa agertzeko lehen elkarretaratzeak atzo egin ziren gurean. Hala egin zuten, esaterako, Eibarren, atzo iluntzean, Untzaga plazan. Biharko, berriz, beste bi deialdiren berri izan dugu. Bihar, 12:30ean, batzera deitu dute Mendaron eta Deban, Eraso inperialistarik ez. Venezuelak burujabetza! Venezuelar herriarekin bat lelopean. Mendaron, Herriko Enparantzan egingo dute elkarretaratzea, eta Deban, plazan. Itziartarrek Debako elkarretaratzera batzeko deia egin dute.
- Mendaro. Herriko Enparantza. 12:30
- Deba. Plaza. 12:30