AD Mallabia FTkoek ondo dakite astebukaerak "super" bihurtzen, baina pasa den urtarrilaren 4ko domeka, urteko lehenengoa, benetan berezia izan zen. Ermua CD eta Ermuko Saskibaloi Eskolako ume eta gaztetxoak gonbidatu zituzten Mallabia I. Pilotalekura, eta lagunarteko futbol eta saskibaloi partidak jokatzen eman zuten goiza. Guztira, 46 umek hartu zuten parte: 34 futbolean, prebenjamin eta txiki 2019 mailakoak; eta 12 saskibaloian, guztiak alebinak. Bukatzean, parte-hartze garaikurra jaso zuten, eta taldekide bakoitzak Olentzero eta Mari Domingik ekarritako pare bat opari jaso zituen.
Bideoa: Saski Ermua.
Arratsaldean, Superigandeetako ohiko programazioa mantendu zen. Kontzejuzarrean elkartu ziren eta Pixarren "Elio" animazio filma ikusi zuten. Ondoren, bingoan aritu ziren eta beste bisita berezi bat jaso zuten: Bizarzuri agertu zen eta ume guztientzako jostailuak utzi zituen. Bukatzeko, 13 urtez azpiko domino txapelketa jokatu zuten. Hamaika umek hartu zuten parte eta Oihan Iglesias izan zen garaile.