Estatuko selekzioen arteko CESA txapelketan lehiatzen hasi ohi dute urtea Eibar Eskubaloia, Elgoibarko Sanlo eta Ermuko Errotabarri taldeetatik ateratako jokalariek. Aurtengo edizioa urtarrilaren 3tik 8ra bitartean jokatu da Kataluniako pabiloi desberdinetan, eta Errotabarriko eta Eibarko 11 lagun aukeratu dituzte Euskal Selekzioa ordezkatzeko. Infantil mailatik jubeniletara, nesken zein mutilen kategorian, emaitza bikainak lortu dituzte guztiek.
Kadete mailan, Errotabarriko Jone Aja eta Paule Magunazelaia lehiatu dira. Taldeko entrenatzaileak eta staff teknikoko kide izan dira Eibarko Irune de Castro, eta Errotabarriko Ariane Galloso eta Maren Unanue. Hasierako fasean sailkatzea lortu zuten, eta final-laurdenetara ailegatu ere, non andaluziarren kontra galdu zuten (Euskadi 31-37 Andaluzia). Hala ere, 5. eta 8. postuen arteko lehian sartu eta ederki eutsi zioten bosgarren postuari, galiziarren aurkako partida estu batean gailenduz lehenengo (Galizia 30-32 Euskadi) eta madrildarren kontra aiseago irabaziz gero (Madrid 31-39 Euskadi).

Aja, Magunazelaia, Galloso, Unanue eta Alvarez. Argazkia: Errotabarri Eskubaloia.
Jubenilen kategorian —txapelketako kategoria nagusiena— Libe Alvarez ermuarra eta Mara Zubizarreta eibartarra aritu dira. Txapelketako kategoria denetan geldiezin egon den Kataluniari irabazita ailegatu ziren finalera (Catalunya 17-25 Euskadi), baina atzoko azken hitzorduan 32-29 alde eskasarekin gailendu ziren Comunitat Valencianako neskak. Euskaldunek lau urte segidan daramatzate zilarrezko domina irabazten eta pozik ospatu zuten, erritmoa jaitsi barik eta Euskal Selekzioaren txapelketako emaitzarik onena lortzen jarraitzen dutelako.
Sari-banaketako talde argazkia. Argazkia: CESA.
Kopan nabarmendu ziren mutilak
Hasierako fasean sailkatu ez ziren taldeek CESA Kopa jokatu zuten, eta hor nabarmendu ziren Eibar Eskubaloiko mutilak. Gari Lopez eta Gorka Atxa kadeteak finalaurrekoetara ailegatu ziren, eta, bertan nafarren kontra galdu zuten arren (Nafarroa 39-37 Euskadi), 3. eta 4. postuen lehian brontzezko domina lortu zuten alde handiarekin irabazita (Asturias 23-40 Euskadi). Ibon Montañes ere finalaurrekoetara ailegatu zen infantilekin, baina hirugarren sailkatzeko lehian murtziarren kontra galdu zuten gol eskas bateko aldearekin (Euskadi 45-46 Murcia). Jubenilen kasuan, Ibon Barrena izan zen Euskal Selekzioko staff-eko kide, eta kopa irabaztea lortu zuten hauek, 27-21 gailenduta Kantabriako selekzioaren kontra.

Barrena, jubenilen koparekin; eta Atxa (28) eta Lopez (32), gainontzeko kadeteekin. Argazkiak: @ib.fisio, Euskal Eskubaloi Federazioa.