Gaur (urtarrilak 9) eta bihar (urtarrilak 10) neguko giroa izango da nagusi gurean. Euskalmeten arabera, gainean dugun Goretti izeneko depresioak itsas-ekaitz gogorra ekarri du berekin; olatu handiak, haize zakarra eta euria espero dira datozen orduetan. Hori dela eta, Euskalmetek hainbat abisu hori aktibatu ditu eta Kantuari itsasoan alerta laranja ere ezarri du olatu handiengatik.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazi die kostaldeko eremuetan arreta handiz ibiltzeko eta segurtasun gomendioak betetzeko. "Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta, nolanahi ere, horien amarrak berrikustea. Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai-muturretatik, kaietatik, itsas-pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dauden errepideetatik zirkulatzea saihestea".
Gaur, esaterako, gauerdira arte alerta laranja egongo da indarrean itsas bazterrean. Ohartarazi dutenez, olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metroen artean koka daiteke. Denbora tarte horretan, itsaso zakarra eta oso zakarra egongo da: "Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-4 metro arteko olatuak altxatuko ditu". Horrekin batera, mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik datorren haize zakarra ere izango da; 6tik 7ra bitarteko indarra izatea espero da, 8ra arteko indar-tarteekin.
[Ikusi HEMEN Debako hondartzako irudiak ZUZENEAN]
Haizearentzako abisu horia ere aktibatuta egongo da. Gauerdira arte, haize ufada handiak izan daitezke. "Haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldeko haizeguneetan eta egunaren erdiko orduetan, eta orduan mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 110 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete". Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, mendebaldeko haize boladek 80 kilometro orduko haize boladak eragin ditzaketela gaineratu dute. Eremu horretan, 11:00etatik 15:00etara ezarri dute abisu horia.
Eguraldia baretzen joango da
Bihar, lehenengo orduetan, itsasoa harro ibiliko dela jakinarazi dute. Alerta laranja egongo da indarrean 06:00ak arte, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 eta 4 metroko garaiera izan dezaketen olatuak altxatuko ditu. Baliteke, gainera, olatuen altuera adierazgarria 5 metrotik gora ere kokatzea.
[Ikusi HEMEN Debako hondartzako irudiak ZUZENEAN]
Dena den, eguraldiak baretzera joko duela dirudi; 06:00etatik 21:00etara abisu horira jaitsiko dute alertaren maila. Zehaztu dutenez, ipar-mendeko hondoko itsasoak 3 eta 4 metro arteko olatuak altxatuko ditu eta egunean zehar 2,5 metro eta 3 metro artera joango da. Iragarri dutenez, lehen orduetan itsaso zakarra egongo baldin bada ere, arratsalderako itsaski handia espero da. Haizea ere gutxitu egingo dela esan dute. "Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da 6ko indarrarekin eta arratsaldean 5eko indarrera jaitsiko da", adierazi dute.