Debemen Debabarreneko landa garapen elkarteak zortzi peoi balioanitz kontratatzeko lan deialdia egin berri du, bazterketa-egoeran edo horren arriskuan dauden pertsonentzat. Zortzi langile kontratatuko ditu guztira, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debako udalekin nahiz Itziarko Auzo Udalarekin lankidetzan.
Sei hilabeteko kontratua eskaintzen dute, 2026ko otsailetik abuztura bitartekoa, %75eko lanaldian eta %25eko derrigorrezko prestakuntza-formakuntzarekin. Eta hautatuek askotariko lanak egin beharko dituzte, hala nola udalerrietako berdeguneak egokitu eta edertu, elementu txikiak eta ondasunak konpondu, lorezaintzako eta igeltserotzako oinarrizko lanak egin, edota espazio publikoak eta bideak mantendu eta garbitu.
Izena emateko epea urtarrilaren 27an amaituko da. Eskaera Lanbideren bidez egin behar da; bertan irakur daitezke lan eskaintzari buruzko xehetasunak.