Urtarrilaren 31n burutuko da Ixa Rodriguezek (Ermua, 1982) antolatutako boxeo jaialdia Ermuan. M.A. Blanco kiroldegian izango da, 18:00etatik aurrera. Pisaketa egunean bertan egingo da, 16:00etan, Tribuna Jatetxean.
Sarrerak Ermuko tabernetan jarri dira salgai azken asteotan: Tribunan, Karabixan, Belekon, Dadan... eta dagoeneko guztiak agortu dira. Aldez aurretiko sarrerek aforoaren %80 suposatzen dute eta antolatzaileek estimatu dute 100 sarrera inguru geratuko direla. Hauek egunean bertan salduko dira, leihatilan, 25 euroan.
Ermuarrak eta eibartarrak ring gainean
Bigarren edizio honetan, Barreira eta Merino igoko dira berriz ere ring-era, eta haiekin batera izango dira Alex Barazal, Ander Redondo, Ander Araiztegi eta Antton Izagirre ermuarrak, eta Ainara Torvisco eibartarra. Soraboxeko eta Euskal Herriko beste gimnasioetako boxeolari amateurren borrokez gain, neoprofesionalen Euskadiko Txapelketa ere jokatuko da.
