Jon Montiel judokak lehenengo saiakeran eskuratu du hirugarren Dan maila

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 19a

Jon Montiel, hirugarren Dan mailako gerriko beltzarekin. Argazkia: Jon Montiel

Debako Ekiberri klubeko arduraduna urtebetez aritu da azterketa prestatzen.

Hirugarren Dan maila eskuratzeko azterketa buru-belarri prestatzen aritu ondoren, gerriko beltzaren titulu berria bereganatzea lortu du Deban bizi den Jon Montiel (Eibar, 1986) judokak. Ekiberri Judo Klubeko arduradunak eta irakasleak abenduaren 20an egin zuen Euskadiko Judo eta Kirol Elkartuen Federazioak antolatutako Dan Graduko azterketa; urtebetez prestatzen aritu ondoren, lehenengo saiakeran gainditu zuen proba.

Azterketa Donostiako arte martzialen zentroan izan zen, eta bertan eskakizun tekniko handiko probak gainditu behar izan zituen federazioko epaimahaiaren aurrean; ondo defendatu zuen aurrez ezarritako programa, eta maila ona erakutsi: "Ondo prestatuta joan nintzen; ez nuen arazorik izan". 

Jon Montiel, ezkerretik bigarrena, azterketa berarekin batera egitera joan ziren Eibarko Kalamua Judo
Klubeko kideekin eta ordezkariekin. Argazkia: Jon Montiel

 

Azterketan Hegoi Esteban Eibarko Kalamua Judo Klubeko entrenatzailea izan zuen alboan, eta azaldu du tribunalaren aurrean egin behar izan zituen lurreko, zutikako eta katako ariketetan hura izan zuela laguntzaile. "Alde teorikoan oinarriak azaltzeko eskatu zidaten. Praktikoan, berriz, lur gaineko eta zutikako mugimendu bereziak garatzeko eta horien konbinazioak lantzeko eskatzen dizute. Zutik, esate baterako, osoto gari bat egin nuen". 

Hurrengo maila

Titulu berria eskuetan, judokak iragarri du hurrengo helburua laugarren maila prestatzen hastea dela. "Judoan jarraitzen badut, hori izango da helburua. Gutxienez, 2028ra arte itxaron behar dut hurrengo azterketa egiteko aukera izateko". 

Bien bitartean, azterketa prestatzen hasiko da. "Hego Estebanek maila bereko azterketa egingo du laster. Askotariko ariketak egin behar ditugu; nik uste dut lagungarri izango dudala lan hori guztiori".