Tren batek matxura izan du eta geldirik dago Altzolako tunelean

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko urtarrilaren 22a

7:23an Elgoibartik Mendarorantz abiatu den trenak matxura izan du, eta geldirik dago Altzolako tunelean. Bidaiariak beste tren batean eraman dituzte Mendarora. Euskotrenek web orrian jakinarazi duenez, zerbitzuak etenda segitzen du eta bidaia autobusez jarraituko da. 

7:23an Elgoibartik Donostia aldera joaten den trenak matxura izan du 7:28an, eta Altzolako tunel barruan gelditu da. Ordubete inguru egin dute bidaiariek tren barruan, eta makinistaren bagoitik atera dituzte gero. Eskailera bat erabili dute bidaiariak banan-banan andenera ateratzeko, eta gero Donostia aldetik zetorren trenera igo dituzte. Buelta hartu du trenak, eta Mendarora eraman dituzte bidaiariak. Autobusaren zain daude orain Mendaroko geltokian. 

Trenak trenbidean dirau oraindik, beraz, tren zerbitzua etenda dago momentuz Elgoibar eta Mendaro artean.