Sasiola eta Lastur batzen dituen GI-3292 errepideko 0+200 kilometro puntuan lur-jausi bat izan da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez adierazi duenez, drainatzeak berriz jartzeko lanak egingo dituzte. Lanak behar bezala egin ahal izateko, ordea, errepidea bi noranzkoetan itxi beharko dutela ohartarazi du erakundeak. "Erabat itxiko da zirkulazioari eragiten dion errepide zatia", azaldu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek zehaztu dutenez, lanek egun bateko iraupena izango dute; astelehenean (urtarrilak 26) egingo dituzte, 09:00etatik 17:00etara. Errepidea erabat itxita egongo den bitartean, zirkulazioa GI-3210 errepidetik —Itziartik Madariagara doan bidetik— desbideratuko dute.