Euskal Kostaldeko Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztu dute Fiturren

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko urtarrilaren 22a

Atzo (urtarrilak 21) hasi eta igandera bitarte Madrilen ospatzen ari den Fitur Nazioarteko Turismo Azokan daude Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideak eta Debabarrena eskualdeko beste zenbait ordezkari. Aurten, berrikuntza gisa, Geoparkearen bira birtual eta interaktiboa aurkeztu dute.

Tour Birtuala gure lurraldea, baliabide turistikoak eta identitatea ingurune digitalean erakusteko tresna bat da, eta Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planaren barruan garatu dute, Europako Next-Generation EB Funtsen bidez.

Funtsean, murgiltze-tresna digital bat da, Deba, Mutriku eta Zumaiako gune esanguratsuenetan barrena ibiltzeko diseinatua. Dibulgazio-edukiak dituen esperientzia interaktiboa eskaintzen du; testu deskribatzaileak, audioak eta espazio birtualetarako estekak konbinatzen ditu, lurraldeko geologia (Flyscha eta Karsta), natura eta kultura ondareari buruzko informazioa zabaltzeko.

Erabiltzaileek 360º-ko plano orokor baten bidez ezagutu dezakete Geoparkea, eta, horri esker, interesgune konkretuak bisitatu ditzakete, hala nola Itzurun, Sakoneta, Mutrikuko Zazpi Hondartzak, Lasturko bailara edo hainbat interpretazio-zentro.

Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok adierazi duenez, "Geoparkearen balioekin guztiz lerrokatuta dago Tour Birtual berria eta balio horiek zabaltzeko beste tresna baliagarri bat izango da aurrerantzean. Gurera etorri aurretik inspiratzen eta bisita planifikatzen lagunduko digun osagarria izateaz gain, Geoparkean gauden bitartean informazioa eskuratzeko edo bisitetarako sarrerak erosteko tresna baliagarria ere bada. Gainera, gure egonaldia ondoren gogoratzeko eta besteekin partekatzeko aukera emango digu, ingurune birtualak ematen duen erabilerraztasunari esker”.

Lau hizkuntzatan

Tresna, web-nabigatzaile baten bidez, bateragarria da smartphone, tableta eta ordenagailuekin eta Geoparkearen webgunearen bidez sar daiteke bertara (HEMEN IKUSGAI). Eduki guztiak lau hizkuntzatan jarri dituzte eskuragarri: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Azken batean, Geoparkeko ordezkariek nabarmendu bezala, "proiektu honek baliabide turistikoak digitalizatzearen aldeko apustu estrategikoa egiten du, erabiltzaileak bere ibilbide turistikoa diseinatu dezan".

NextGenerationEU funtsen bidez

Ekimena Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean sartzen da, eta Europar Batasunaren finantziazioa jasotzen du, Debegesak koordinatzen eta kudeatzen dituen NextGenerationEU funtsen bidez. Aitziber Cortazar Debegesako Turismo arduradunak azpimarratu duenez, “produktu hau turismo-zerbitzuen digitalizazio-estrategiaren parte da, eta beste proiektu batzuk ere hartzen ditu barnean, hala nola Debako ondareari eta turismoari balioa emateko digitalizazioa, Zumaiako tren-geltoki zaharrean (Moilaberrin) kokatuko den Flyschenea museo berriaren digitalizazioa, eta Santa Katalina komentu zaharrean kokatuko den Mutriku Talaia Geomuseoa gune berriaren digitalizazioa”.

"Mutrikuko eta Zumaiako museoak eta Debako ondarea eta turismoa digitalizatzeko estrategia horretan inbertitzeak bisitarien esperientzia hobetu nahi du, turismo-kudeaketa modernizatu nahi du, eta lurraldeko kultura, natura eta geologia baliabideei balioa eman nahi die tresna digital berritzaileen bidez", gaineratu du. Proiektu horietarako aurreikusitako inbertsio ekonomikoa 400.000 €-tik gorakoa dela zehaztu dute.

Eskualdeko ordezkariak

Beste urte batez, Fitur azokan, Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Geoparkeko eta Geoparkea osatzen duten eremuetako erakargarritasunen berri ematen ari dira aurten ere. Eta Debabarreneko eta Urola Kostako ordezkaritza bana ere gerturatu da Madrilgo azokara: bertan daude, besteak beste, Alazne Txurruka eta Ainhize Azpiazu Debako eta Mutrikuko alkateak; Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza; Geoparkeko gerente Leire Barriuso; Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako turismo-bulegoetako arduradunak, Jasone Galdona (Deba), Marta Amonarriz (Mutriku) eta Esti Irureta (Zumaia); Debegesako zuzendari nagusi Amagoia Paskual, Debabarreneko Turismo arduradun Aitziber Cortazar eta Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria.