Zergatik hasi zarete orain tailer horiek egiten?
Orain arte, Debabarreneko ESIk Eibarko anbulatorioan tramitatzen zituen Aurretiazko Borondateak egiteko dokumentuak, mediku-kontsulta bidez, baina itxarote-zerrenda handia zegoen. Hortaz, tailerrak antolatu ditugu, batetik, hori arintzeko. Eta, bestetik, gu udalerriz udalerri ibiltzen gara, eta, elkarteekin eta Udalekin dugun komunikazioan, gai hori lantzeko interesa beti azaltzen delako; jende askok jakin nahi du Aurretiazko Borondateen funtzionamenduari eta tramitaziorako pausoei buruzko informazioa. Baina Aurretiazko Borondateak egiteko gauza batzuk kontuan hartu behar dira, eta horregatik egiten ditugu tailerrak.
Adibidez?
Paper asko dira, termino desberdinak dituzte, medikoak asko, dokumentuek baldintza jakinak bete behar dituzte... Informazio hori guztia eskuragai dago Eusko Jaurlaritzaren webgunean –Euskadi.eus–, baina, tailerren bitartez, herritarrei gaia gerturatzeak eta ezagutarazteak asko laguntzen du ezagutza handitzen. Bereziki, ahoz ahokoarekin. Adibidez, abenduko tailerrean, Eibarko anbulatorioko itxarote-zerrendakoei deitu genien lehenengo, eta gero, bestelako herritarrei ere zabaldu zitzaien aukera; segituan bete ziren tailerrak, eta, gainera, eskean ere etorri zen jende gehiago. Hori ikusita, gure ideia da aurten hilean behin edo hil eta erdian behin tailer bat egitea, eskaeraren arabera. Orain arte, Eibarko ospitalean egin ditugu tailerrak, Mallabitik Mutrikurainoko bizilagunei zuzenduta, baina nahiko balitz udalerri jakinen batean egin, eskatu egin liteke.
Tailerra bi zatitan dago banatuta; zergatik?
Lehenengoa teorikoa da. Aurreidatzitako dokumentu bat dago Aurretiazko Borondateak adierazteko, eta, hori banatu, esplikatu eta zelan bete behar den azaltzen da. Gero, dokumentu hori etxera eramaten dute, etxean lasai pentsatu eta bete dezaten, eta, azkenik, beste tailer bat egiten da, betetako dokumentuak jaso eta errebisatzeko. Dena ondo badago, dagokien lekuetara bidaltzen dira.
Nora bidaltzen dira?
Batetik, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen erregistrora; eta, bestetik, Madrilera. Madrilera bidaltzen da, norbere erkidegotik kanpo zerbait gertatuz gero, Estatuko gainerako erkidegoek ere izan dezaten norbere Aurretiazko Borondateen berri. Hain justu, Madrilera bidali behar denez, Aurretiazko Borondateen dokumentazioa euskaraz bete daitekeen arren, derrigorrez gaztelaniazko kopia bat ere egin beharra dago.
Zenbat denbora behar da indarrean sartzeko?
Dokumentazio guztia ondo badago, etxera iritsiko zaio dagokion pertsonari dokumentazio guztia eta hura ondo jaso den jakinarazpena. Batez beste, 5-6 hilabete irauten du prozesuak, eskaera handia baitago.
Zer eska daiteke Aurretiazko Borondateetan?
Ba, adibidez, mina eta sufrimendua arintzeko botikak hartu nahia, adieraz daiteke non nahi den bizitzako azken momentu horiek pasa –etxean, ospitalean, egoitzan...–, eutanasiari buruz ere galdetzen da, hil ondorengorako nahiak zeintzuk diren –organoak eman edo ez, autopsia egin edo ez...–. Sei orriko dokumentua da eta ondo azalduta dator; tailerretan, sortzen diren zalantzak argitzen dira.
Egin ondoren, aldatu egin daitezke?
Nahi denean aldatu daitezke, baina kontuan hartu behar da 5-6 hilabete behar direla berriro ere indarrean sartzeko.
Zelan ziurtatzen da Aurretiazko Borondateak bete egiten direla?
Aurretiazko Borondateak egiten badira, pertsona horri arreta emango dion zerbitzu medikuari azaldu egingo zaio informazio hori. Edozein kasutan, Aurretiazko Borondateak egiten dituen pertsonak bere inguru hurbilekoari jakinarazi behar dio egin dituela. Bestalde, Aurretiazko Borondateak egin dituen pertsona horren ordezkaritza ere izendatu daiteke, zalantzaren bat sortuz gero ordezkatuaren izenean haren borondatea betetzen dela ziurtatuko duena. Ordezkaria izendatzea ez da derrigorrezkoa, baina bai gomendagarria. Horretarako ere badago egindako dokumentu bat. Gehienez jota, hiru ordezkari izenda daitezke, eta ordezkariek ordezkaritzarako bere onespena emateko dokumentua sinatu behar dute.
Gaur-gaurkoz, zenbatek dituzte Aurretiazko Borondateak eginda?
2004an hasi zen Aurretiazko Borondateak egiteko bidea, eta, 2025eko datuen arabera, EAEn 11.782 pertsonak egin dituzte. Horietatik, gipuzkoarrak 3.586 dira. Pandemia ezkero, asko handitu da Aurretiazko Borondateak egiteko joera. Han antzeman zen jendearen kontzientziazioa handitu egin zela. Harrezkero, eskaera handitzen doa.
Zein da egileen profila?
Gehienak 45-65 urte bitartekoak dira, eta gero, 65-75 urte bitartekoak. Eta, batez ere, emakumeak dira. Baina garrantzitsua da egitea, bizitzako azken momentuan jaso nahi dugun tratua eta nahi dugun heriotza-mota adierazten baita. Eta guztiok pasatu behar dugu hortik.
Tailerren bitartez bakarrik egin daitezke Aurretiazko Borondateak?
Ez. Egin daitezke lehen arretako –anbulatorioko– medikuaren edo erizainaren bitartez. Kasu horretan, hiru lekuko behar ditu eskatzaileak. Notario bitartez ere egin daiteke, eta tailerretan. Azken horietan, tailerretan, ez da lekukorik behar, tailerra ematen duen pertsona, kasu honetan neu, Aurretiazko Borondateak egiteko gaitu egin nautelako. Hau da, nik neuk ziurtatzen dut entregatutako guztia ondo dagoela.
Tailerra Eibar ez den beste herri batean egiteko, zer egin behar da?
Eskatzearekin nahikoa da. Eska daiteke hemen, Eibarko ospitalean, edo eska daiteke norbere herriko anbulatorioko mediku edo erizain baten bitartez.