Kokapen aldaketaz gain, zeintzuk dira aurreko dendaren eta honen arteko ezberdintasunak?
Azaleran dago alderik handiena: aurreko lokalak hogeita hamar metro koadro zituen eta honek laurogei metro ditu. Horren ondorioz, produktu-aukera handitu egin dezaket, eta iradokizunak jasotzeko postontzia jartzeko asmoa daukat, herritarrek zer behar duten adierazi dezaten. Kokapenari dagokionez, oraingoa hobea da, pasoan dago.
Produktu gehiagorentzako espazioa izatea izan da lekuz aldatzeko arrazoia?
Ez; Osasun Sailaren araudira egokitu behar nuen, eta Malle-Azpiko lokalean ez zegoen lekurik. Osasun Sailak agindutako betekizunak bi izan ziren: alde batetik, hestekiak saltzen ditudanez, konketa izan behar nuela aldean; bestetik, biltegia izan behar nuela dendan.
Zu arduratu zara egokitzapen horiek egiteaz?
Ez, lokalak Mallabiko Udalarenak dira, eta hark kudeatu ditu lanak. 2020an egin zuen bezala, 2025ean ere lokala atondu du eta lehiaketa publikora atera, eta ni izan naiz lehiaketetara aurkeztu den bakarra. Hala ere, lokala Udalarena izan arren, nik ordaintzen ditut gastu guztiak: hirukoiztu egin den alokairua –azaleraren araberakoa delako–, ura, argia…
Proiektu hau abiatu baino lehen, esperientzia zenuen saltokietan?
Hamabost urte ibili nintzen ostalaritzan lanean, eta ohituta nago jendearen aurrean lan egiten, gustukoa dut. Bestalde, lotura estua daukat Mallabiarekin, ama hemengoa baita, gutun banatzaile egon nintzen hemen lanean… Negozioa zabaltzeko aukera ikusi nuenean ez nuen zalantzarik izan, pandemia garaia izan arren.
Beste denda batzuk egon dira herrian –supermerkatua, arrandegia, okindegia…–, eta guztiek itxi dute. Zerk egiten du desberdin zure denda?
Ez dakit. Ez nituen denda horiek ezagutu, eta ez dakit nola egiten zuten lan edo zenbat lagunek, baina hau pertsona batentzako lana da, ezinezkoa da hemendik bi soldata ateratzea.
Zer produktu mota saltzen dituzu?
Denetik apur bat: frutak, barazkiak, hestekiak, okela, elikagaiak orokorrean, esnea eta esnekiak, izozkiak, higiene eta drogeria produktuak, edariak, ogia, gozokiak, aldizkariak eta egunkariak… Gertuko ekoizleen produktuak ekartzen ere ahalegintzen naiz, eta ekologikoak.
Eta zein da erosleen profila?
Emakumeak dira gehienak, amamak, eta urteko egun guztietan datoz erostera. Beste multzo bat ere badago, 40 eta 60 urte bitarteko lagunez osatuta, astean behin datozenak barazkiak eta produktu ekologikoak erostera. Eta ostiral arratsaldeetan ume-aldra egoten da nire zain atean, gozokiak erosteko irrikan.
Orokorrean, erosketa txikiak edo handiak izaten dira?
Denetik dago. Batzuek gauza puntualak erosten dituzte, eta beste batzuek erosketa handia egiten dute; nagusiek, batez ere, Ermura jaisteko aukerarik ez daukatenak. Dena den, uste dut gazteak apur bat gehiago inplikatu beharko liratekeela, eta noizbehinka ogia erostera etorri, zerbitzu honek aurrera egitea nahi badute.
Aipatu dituzun pertsona nagusi horiei erosketak etxera eramateko zerbitzua eskaintzen diezu?
Ez; ez daukat denborarik, baina egia da hiruzpalau herritarri etxera eramaten diedala erositakoa, eurak ezin direlako etorri.
Maila pertsonalean, nola sentitzen zara ekintzaile gisa?
Ekintzaile baino gehiago, aurrera egiten tematu naizela esango nuke, eta gustura nago bide horretan. Hala ere, ez dut esaten erraza denik: egunero 06:30ean altxatzen naiz frutaren bila Durangora joateko, hona etorri, gauzak prestatu eta abar. Gainera, hilabete batzuk oso-oso zailak dira, baina jendeak asko eskertzen du ni hemen egotea, eta hori, egia esatearren, oso pozgarria da.
Euskararen esparruan ere ahalegina egin behar izan duzu…
Bai. Lehen ez nuen hitz bat bera ere euskaraz esaten, baina orain ausartzen naiz. Hanka sartuko dut makina bider, baina lotsa kendu dut, eta lehen hitza euskaraz esaten dut beti. Pozik nago, hizkuntzarekin ere trebatzen ari naizelako.