Basalgoko zentral eolikoari buruzko informazioa eta agerraldia egitea eskatu dute Batzar Nagusietan

Ubane Madera Zangitu 2026ko urtarrilaren 30a

Basalgoko zentral eolikoaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den jarduketei buruzko informazioa eskatu du Eibarko Mendiak Bizirik plataformak Batzar Nagusien bitartez. Halaber, foru erakundean agerraldia egitea ere eskatu du, lurraldeko ordezkariei zuzenean esplikatzeko proiektu horrek ekarriko lituzkeen kalteak zeintzuk diren. Diotenez alegazioak aurkezteko epea orain dela hilabete bukatu arren, oraindik berririk ez dagoela ikusita erabaki dute “informazioa bide ofizialetatik eskatzea”.

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez, bi eskaera egin ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Batetik, hiru galdera egin dizkiote Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Foru Diputatuari, Miren Echeveste Elkarrekin-Podemoseko batzarkideak aurkeztuta. Helburua da jakitea zeintzuk diren proiektuaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako jarduketak eta jakitea zeintzuk izan daitezkeen prozeduraren epeak.

Bestetik, plataformako ordezkariek foru erakundean agerraldia egitea eskatu dute, “milaka herritarrak Basalgo proiektuaren aurka jartzera bultzatu dituzten arrazoiak lurraldeko ordezkariei bertatik bertara azaldu ahal izateko”.

6.000 alegazio pasa

Eibarko Mendiak Bizirik plataformak gogora ekarri du 6.000 lagun baino gehiagok aurkeztu dutela proiektu horren kontrako herri alegazioa, eta beste 30 alegazio tekniko ere aurkeztu direla Eibarko plataformaren bitartez. Halaber, gogora ekarri dute alegazio horiez aparte, kaltetutako bost udalerrietako udalek eta elkarte eta lurjabe askok ere aurkeztu dituztela alegazioak.

Basalgo zentral eolikoaren proiektuari dagokionez, berriz, gogora ekarri dute 200 metroko sei aerosorgailu jarri nahi direla Eibarko, Soraluzeko eta Bergarako mendietan. Errotak, errepideak eta ebakuazio-bideak eraikitzeak kalteak Elgetara eta Elgoibarrera luzatuko lituzkeela eta, besteak beste, lur-mugimendu handiak eta 13.000 zuhaitz baino gehiago desagertzea ekarriko lukela, “bost udalerrietako natura-inguruneari, landa-inguruneari eta ondare historikoari kalte handiak eraginez”.

"Mehatxuak bere horretan"

Azpimarratu dute “ mehatxuak bere horretan dirauela” eta, diote horregatik “bizirik” mantendu nahi dutela proiektuarekiko oposizioa. Ildo horretan, ekimen berriak lantzen dihardutela iragarri dute, besteak beste, aerosorgailuak jarri nahi dituzten lekura ibilaldia.