Urrezko bi domina irabazi ditu Paula Calvo igerilariak Camargoko txapelketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 2a

Paula Calvok bi proba irabazi zituen Camargoko (Kantabria, Espainia) nazioarteko igeriketa txapelketan. Horrez gainera, Espainiako Igeriketa Federazioak antolatutako teknifikazio saioetan parte hartzeko hautatu dute.

Urtarrilaren 24an eta 25ean jokatu zuten Camargoko igeriketa txapelketaren 34. edizioa. Paula Calvok (Elgoibar, 2009) Eibar Igerixan taldeko kideekin batera hartu zuen parte, eta bera izan zen azkarrena 100 metro bizkar proban, eta 200 metro libreetako proban. Gainera, emaitza horiei esker, sailkapen orokorreko bigarren postua eskuratu zuen. Eibar Igerixan taldeko Ander Izagirre ere nabarmendu zen Camargon, 50 metro libreko proban lehen postua eskuratuta. Jokin Oneka txapeldunorde izan zen 200 metroko bularreko proban.

Teknifikazio saioa Madrilen

Azken urteetan lortzen ari den emaitza onak ikusita, Espainiako Igeriketa Federazioak radarrean dauka Paula Calvo, eta Madrilen egiten ari diren teknifikazio saio batean parte hartzera deitu dute. Otsailaren 1etik 7ra egingo dute saio hori.