Amagoia Paskual (Debegesa):"Eskualdean badaude ibilbide industrial handia, ezagutza eta berrikuntzarako irrika"

Ubane Madera Zangitu 2026ko otsailaren 7a

Amagoia Paskual Eiguren Debegesan, joan den eguenean. Argazkiak: Asier Orbea Ostolaza.

Amagoia Paskual Eiguren (Lekeitio, 1972) Debegesako (Debabarreneko Garapen Agentzia) kudeatzailea da 2025eko amaiera ezkero. 26 urteko ibilbidea du makina-erremintaren esparruan. Enpresaria ofizioz, besteak beste, ADDILAN enpresako zuzendari nagusia izan da, Maher Holding-eko negozio berrien arloko arduraduna eta Euskadi Avanza 2019 eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentizaren zuzendaritza batzordeko kide. Gainera, haren lana aitortzen duten hainbat sari jaso ditu; esaterako, Begoñazpi Ikastolaren Gazte Role Model, Daniel Innerarity filosofoarekin batera.  

Nolatan animatu zara Debegesara?

Hiru arrazoirengatik, batik bat. Batetik, Debegesak duen erronkarengatik: eskualdean garapen jasangarria sustatzea. Helburu hori hainbat abiapuntutatik lantzen da, ez bakarrik enpresa eta berrikuntza arlotik, baita hirigintzatik ere; etxeak birgaitzetik, adibidez. Noski, enplegu eta berrikuntza sozialetik ere bai, batetik, enplegua gure eskualdean ondo zaindu beharrekoa delako, eta, bestetik, gizartea asko eraldatzen dabilelako. Hori guztia, energia trantsizioaren bidetik, turismoaren bidetik... Debegesak ematen du aukera garapen jasangarri hori orokortasun handi batean lantzeko. Bigarren arrazoia da Debegesaren ibilbidea. Aurten 40 urte bete ditu. Estatuan eratu zen lehenetariko garapen agentzia da, eta erreferente bat da. Horrek beti animatzen du. Eta hirugarren arrazoia da taldea. Asko eta oso ondo ezagutzen du bailara, ezagutzen du ze beharrizan dituen, bertako agenteak, hurbiltasun handia du hainbat agenterekiko, elkarlanean lan egiteko ohitura du eta lanerako gogo handia ere badu. Beraz, 40 urtez egindako lanarekin segitzeko gogotsu nator. Laburbilduz, hiru arrazoik animatu naute: garapen jasangarria sustatzeak, Debegesaren ibilbideak eta taldearen ezagutzak eta motibazioak.

Debabarrena eta bertako industria-mundua ezaguna egingo zaizula pentsatzen dut.

Badaramatzat 25-26 urte makina-erremintara lotuta, eta Debabarrena industria horretan erreferente bat da, ez bakarrik fabrikatzaile garrantzitsu asko gure eskualdean daudelako, baizik eta, baita ere, horren inguruan eratu den industriarengatik: mekanizatuak, enpresa laguntzaileak… Horietako industria asko ezagutzen ditut, eta, gainera, nire aurreko ibilbideko zereginetako bat izan zen aukera industrialak lantzea eta topatzea. Beraz, hau ondo ezagutzen dudan ingurunea da.

Debegesako kudeatzaile moduan, joan den astean turismoaren nazioarteko Fitur azokara joatea egokitu zitzaizun. Zelan joan zen?

Egun bi egon ginen. Oso ondo joan zen. Batetik, aukera izan genuen gure Geoparkearen tour birtuala aurkezteko, Deba-Mutriku-Zumaia artekoa. Europar Batasunaren Next Generation fondoaren bitartez finantzatutako proiektuaren barruan dago ekimen hori. Euskadiko standaren barruan, berriz, euskal kostaldearen txokoan Debabarrenak duen eskaintza turistikoa aurkezteko aukera ere izan genuen, baita proiektu berrietan beste pauso bat emateko ere. Adibidez, Debabarrena Gourmet egitasmoaren barruan, pausoak eman genituen hura Frantziara zabaltzeko dauden aukerak aztertzeko, eta Arabako Errioxako markaren baitan beste lankidetza bat hasi genuen. Bestetik, gure antzerako herrien eta eskualdeen eskaintza turistikoa ikusteko aukera ere izan genuen; besteak beste, Asturias, Nafarroa eta Galizia. Besteek egiten dutena ikustea oso garrantzitsua da. Eta, azkenik, Debegesako Turismo Sailean dauden agenteek besteekin hitz egin, eta, nire kasuan, elkar ezagutzeko aukera ere izan nuen. Laburbilduz, aukera izan genuen guk zer egiten dugun komunikatzeko, bestelako proiektuetan elkarkidetza berriak nola sortu lantzeko, inguruan zer eskaintzen den ikusteko eta turismo arloko agenteak ezagutzeko.

Garapen agentziak proiektu mardulak ditu esku artean, epe ertain-motzera begira, gainera. Zein izango da zuren lehen egitekoa? 

Proiektu asko ditugu mahai gainean, departamentu guztietan. Gure helburua garapen jasangarria sustatzea da, eta hori arlo askotatik landu behar da, transbertsala da. Nire ibilbidea kontuan izanda, lehen palanka edo oinarria aktibitate ekonomiko jasangarria sustatzeko dagoen edozein proiektu izango da. Azken batean, jarduera ekonomikoak sortzen du kalitatezko enplegua, horrek sortzen du bizi-kalitate ona; era berean, aktibitateak aktibitate gehiago sortzen du… Errubera bat da, eta bailaran bizi-kalitatea hobetzen da horrekin guztiarekin. Baina hori dena aktibatzeko, hirigintzatik lan handia egin behar da, industrialdeak ez badaude egokituta gaitza izango baita jarduera berriak sortzea edo mantentzea; edo bizilagunen auzoetako kalitatea jaisten bada, askoz ere gaitzagoa izango baita bizilagunak bertan mantendu eta jendea erakartzea. Enplegua ere landu behar da. Eta gizartea asko eraldatzen ari da, eta horrek ere erronka asko ditu. Gauza konkretu modura, berriz, badaude enpesei zuzendutako proiektu zehatzak digitalizazioa bultzatzeko Foru Aldundiarekin batera, edo proiektu pilotua ibilbide teknologikoa zelan abiatu laguntzeko, BPTD elkartearekin lanean segituko dugu, Hirigintzan 2026rako nahi duguna da birgaitze bulegoak ematen duen informazioa herritarrei hurreratu, turismoan Next funtsen proiektua amaitu nahi dugu, aurten martxan jarriko da Dolmenen Ibilbideko erakusketa eta abar. Gauza asko dira, baina guztiak daude bideratuta helburu berera.

Debabarrenean, Eibarrek eta Soraluzek Gipuzkoako langabezia tasarik handienetakoa dute urtero-urtero; gai horri propio eutsiko zaio? 

Bai. Debabarrenak, zoritxarrez, langabezia tasa handia dauka. Gehienbat, Eibar eta Soraluze dira handiena dutenak. Denok arduratzen gaitu horrek. Horri aurre egiteko, dagoeneko martxan dauden proiektu birekin jarraituko dugu: Hazilan+ pertsona kualifikatuei zuzendutako programarekin eta Elkarrekin programarekin. Azken hori da baztertze arriskuan dauden pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko proiektua. Gure eskualdean baztertze arriskuan dauden bizilagunen kopuruak zaintza eskatzen du. ElkarEkin programaren bitartez, eskaintzen zaie formazio itinerarioa eta lan-esparrura sartzen laguntzeko ibilbideak. Bestalde, 2025a ezkero, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Sailean berrikuntza bat dago, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Lege berrian oinarrituta. Lege horren helburua da herri bakoitzak bere tokiko plana eta bere errealitateari lotuta dagoen plana diseinatzeko laguntza izatea. Berez, legeak dio 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek derrigor egin behar dutela plana eta txikiagokoek aukeran dutela. Eskema oso berria da. Orain arte, enplegua sustatzeko programak mugatzaile samarrak ziren, akaso; lege horrekin aukera eman nahi da udalerriek/eskualdeek nork bere ezaugarrien eta beharrizanen araberako planak gara ditzan. Debegesatik ikusten duguna da hori ez dela udal bakar baten arazoa, baizik eta eskualde ikuspegitik landu beharrekoa dela. Eta horretan hasiko gara. Eskualdean, adibidez, Eibarrek egin du bere lana eta plan pilotu batean hasi da. Horrez aparte, badirudi 2026an derrigortuta dauden udalerriak uda igaro eta gero hasiko direla planak egiten. Gu geu oso konbentzituta gaude eskualdeko apustua izan behar duela, eskualdeko ikuspuntua izan behar duela, eta, posible den heinean, horretan saiatuko gara. Adibidez, Soraluzen lana behar duen pertsona batek egin dezake lan Eibarren, Elgoibarren… Helburua da kalitatezko lana sortzea. Hori izango da lan-ildo garrantzitsu bat guretzat.

Izan ere, urteotan EAEko hiru hiriburuek eskualdeko baliabide asko zurrupatu dituzte, ezta? 

Debabarrena hiru hiriburuetatik gertu dago, erdian; hori oso ondo dago, baina, era berean, zailtasunak ere jartzen ditu talentuak, inbertsioak… gurera ekartzeko edo gurean mantentzeko. Horregatik, azpiegiturak, hirigintza egokia eta gizarte ongizatea eskualdean bertan sustatu behar dira, inbertsioa etortzeko, talentua erretenitzeko eta erakartzeko eta, oro har, eskualde erakargarri izaten segitzeko. Lana garrantzitsua da, baina lanetik kanpo dagoen bizitza ere bai, eta ildo horretan ere eskualde erakargarria izaten jarraitu gura dugu.

Orain erakargarria dela uste duzu? 

Debabarreneko bizilagunak harro eta gustura daude norbere jaioterriarekin, errotze sentimendu oso fuertea dago. Guk ziurtatu behar dugu bizilagunek horren alde apustu egitea, eta bizi-planteamendua Debabarrenean egitea erabaki dezatela; eta Debabarrenekoa ez denari ere irriki hori sortzeko kapaz bagara, ba, oso ondo.

Europako ekonomia krisian sartuta egoteak zenbateraino eragin dio eskualdeko industriari?

Krisia leku guztietan igartzen da, baita hemen ere. Batez ere, azkenaldiko ziurgabetasunak gaitzago egiten du inbertsio berriak martxan jartzea. Aldi berean, belaunaldiarteko erreleboa gertatzen ari da tailer eta enpresa askotan, eta horri aurre egiteko bidean ez du batere errazten kanpoko musika ezegonkortasuna izateak. Beraz, krisiak eragina dauka inbertsioetan eta erreleboa egitean. Baina gaitza izateak ez du esan nahi ez dela egiten. Gure bailara oso ondo kokatuta dago enpresek I+Gn (Ikerketa eta Garapena) inbertitzen duten adierazlean, zenbat enplegu bideratzen duten I+G-ra… Gipuzkoarekin alderatuta aurrerago gaude. Hala ere, ezin gara erlaxatu. Krisia eragiten ari da eta ezegonkortasunak ere eragiten du. Automozioko enpresek, adibidez, erronka handia dute, baina ez hemen bakarrik, Europa osoan.

Zein indargune ikusten diozu eskualdeari?  

I+G da indargune bat. Beste bat da ibilbide garrantzitsua duten enpresa industrialak ja badaudela hemen eta hemen mantentzen direla. Beraz, badago negozio eta industria ezagutza eta baita ere berrikuntzarako irrika. Horrekin batera, badugu ibilbide bat erakusten duena oso ekintzaile izan garela. Jendea formatuta dago, ezagutza maila handia dago. Ez bakarrik formazio unibertsitarioan; formazio profesionalean ere ezagutza maila handia dago. Beraz, eskualdean badago profila ezagutza duena, ibilbidea ere baduena... Badaude oinarriak; guk egin behar duguna da hori aprobetxatu eta horretan oinarritu gauza berriak sortzeko.