Martxoaren 1etik 29ra bitartean egingo da Laburbira film laburren zirkuituaren 23. aldia. Aurten 32 lan aurkeztu dituzte, eta horietatik zazpi aukeratu dituzte, jendeak herriz herri ikus ditzan.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, "orotara, 80 minutuko film-labur sorta ederra" osatu dute, "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko asmoz. Askotariko lanak aurkitu daitezke bertan, edukiz zein estiloz, eta horietako batzuk dagoeneko hainbat jaialditan saritu dituzte". Amaia San Sebastianen Olentzerori eskatu nion lanak, adibidez, iazko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean film labur onenaren EITB saria irabazi zuen. Aitor Gametxoren Geratzen den hori lanak, berriz, Espainiako Estatuko film labur onenaren saria jaso zuen Zinebi jaialdian.
Izen-ematea, zabalik
Aurtengo bilduma aurkeztearekin batera, emanaldiak antolatzeko eskaera epea ere zabaldu du Taupak. Izen-ematea Internet bidez egin daiteke, laburbira.taupamugimendua.eus webgunean, otsailaren 28ra arte.
Laburbira ekimen ibiltaria da eta edozein herritan antolatu daiteke. Ikus-entzunezkoen emanaldien ondoren, nahi izanez gero, filmen zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere eskaintzen dute, "sortzaileen eta ikusleen arteko harremana errazteko eta sendotzeko asmoz".
Aurten, gainera, euskarazko film laburren zirkuitua ahalik eta herri gehienetan eskaintze aldera, elkarlanerako hitzarmena sinatu dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Taupak. Horri esker, emanaldi bat antolatzeko eskaintza berezia izango dute UEMAko kide diren 120 udalek; tartean daude Mendarokoa, Mallabikoa eta Debakoa.
"Erreferentziazko erakusleiho"
Bi helburu nagusi ditu Laburbirak: euskal zinemagintza hauspotzea, batetik, zinemagileei beren lanak erakusteko aukera emanez, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik. Bada, bi hamarkada baino gehiagoko bidean bi xede horiek "sobera bete" dituztela uste dute arduradunek, beren hitzetan, "23 urteotako ibilbide arrakastatsuan euskal zinemagintzaren erreferentziazko erakusleiho bihurtu baita Laburbira".