Itzulia Bilbon hasi eta Bergaran amaituko da, apirilaren 6tik 11ra -sei etapa-. Txirrindulariak azken bi etapatan igaroko dira Debabarreneko errepideetatik. Eibarren hasi eta bukatuko den bosgarren etapa izango da itzuliko etapa erregina. Azken etapa Antzuolan hasi eta Bergaran amaituko da.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, azken urteetako ibilbiderik gogorrena izango du Itzuliaren 75. ekitaldia izango denak: sei etapetan 809,6 kilometro egin beharko dituzte eta 29 mendate puntuagarri igoko dituzte: lehen mailako lau mendate, bigarren mailako zazpi eta hirugarren mailako hamazortzi. Txirrindulariek 16.154 metroko desnibel metatu duen ibilbideari aurre egin beharko diote. Hona sei etapen inguruko xehetasunak:
1. etapa | Bilbo – Bilbo (13,9 km)
Banakako erlojupekoa jkatuko dute lehenbiziko etapan. 2021ean pandemiagatik ikuslerik gabe egin behar izan zen erlojupekoa berreskuratu dute antolatzaileek –Primoz Roglic esloveniarrak irabazi zuen 2019ko erlojupeko hura-. Orduko bide bera egitea erabaki dute, 13,9 kilometroko ibilbidean. Begoñan hasi, San Domingo igo, eta ondoren Bilboko kaleetan barrena lehiatuko dira txirrindulariak.
2. etapa | Iruñea – Mendukilo Kobazuloak (164,1 km)
Bigarren egunean, txirrindulariak bete-betean sartuko dira Itzuliko ibilbide-tarte klasikoan, Nafarroako lurretan. Bigarren etapak 3.300 metrotik gorako malda metagarria izango du, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "luzea bezain iraunkorra" izango da. Mendukiloko kobazuloetan izango du amaiera, eta antolatzaileen berbetan amaiera "txundigarria ez bada ere", ezin nekagarriagoa izango dela uste dute. Izan ere, lau mendate gainditu beharko dituzte 164 kilometroko ibilbidean, horietako bat lehen mailakoa eta edizioko mendate gogorrena: Aralarko San Migel, 9,5 kilometrokoa.
3. etapa | Basauri – Basauri (152,8 km)
Bizkaira bueltatuz, Basaurin hasi eta amaituko da hirugarren etapa; irabazteko askorik ez, baina galtzeko asko duen etapa izango da Basaurikoa. Ibilbide zirkularra edukiko du, eta halakoetan gertatu ohi den moduan, txirrindulariak hasieratik erritmo bizian ibiliko direla espero dute. Gainera, bukaera gogorra izango du. Basozelai auzoan amaituko da, eta azken 300 metroetan %16-19ko aldapa dago.
4. etapa | Galdakao – Galdakao (167,2 km)
Etapa honek zazpi mendate puntuagarri eta 3.200 metrotik gorako malda edukiko duenez, txirrindulariek erregulartasuna erakutsi eta "ondo baino hobeto irakurri beharko dute lasterketa". Igor Anton (Galdakao, 1983) txirrindulari ohiak diseinatu du ibilbidea.
5. etapa | Eibar – Eibar (176,2 km)
Eibarren hasi eta amaitzen zen azken etapa klasiko bat zen Itzulian. Aurten ez da azken etapa erabakigarria izango, egun bat aurretik jokatuko baitute, baina betiko gogortasunari eusten dio, handiagoa ez badu. Itzuliko etaparik luzeenean eta aldapatsuenean zortzi mendate igoko dituzte txirrindulariek, horien artean: Azurki, Krabelin eta Izua. 176,2 kilometro eta 3.841 metroko desnibel positiboari aurre egin beharko diote. Aurten apur bat aldatu dute ibilbidea, batez ere erdialdean: normalean, Bergara aldera jo ohi zuten ziklistek, eta aurtengoan Etumetara igoko dira, Aizarnatik. Handik Debara jaitsi, eta Kalbario mendatea igoko dute gero.
6. etapa | Goizper-Antzuola- Bergara (135,2 km)
Azken etapa ez da arrunta izango. Laburragoa bada ere, ia-ia 3.000 metroko malda edukiko duenez, "nahikoa izango da tentsioari amaierara arte eutsi ahal izateko". Antzuolako Goizperretik hasi eta Bergaran amaituko da,–bidean, Gorla, Azkarate eta Asentzio mendateak birritan igo ostean–.

