Zientzialari eta ingurumen-dibulgatzailea da Fernando Valladares (Mar de Plata, Argentina, 1965). Biologian doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean irakaslea eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko kidea ere bada.
Zibilizazioa, ekologia, erronkak eta mundua konpontzeko motibazioak. Hori da Elgoibarren eta Deban eman duzun hitzaldiaren izenburua. Mundua konpondu egin dezakegula uste duzu?
Baikorra naiz, baina badakit ez dela erraza baikorra izatea gertatzen ari denari buruzko informazio guztia edukita: klima aldaketa, gizarte-krisiak, arazo geopolitiko larriak... Baina gauzak aldatu egin daitezkeela uste dut, eta esango nuke benetan aukera aparta dugula gure zibilizazioak dauzkan akats kroniko asko errotik aldatzeko. Dena dela, landu egin behar da baikortasuna, ebidentzia zientifikoek eta albisteek ezkortasun handia eragiten dute eta.
Klima aldaketa existitzen dela ziurtatu duzu, baina badago jende eszeptikoa ere, esaten duena uda euritsuak edo elurrik gabeko neguak beti izan direla. Zergatik da hain garrantzitsua, zure ustez, klima aldaketa existitzen dela onartzea?
Azken 30 urteetan beti egon dira negazionistak, eta beldur naiz, betirako egongo ote diren pentsatzen hasia naizelako. Klima aldaketaren negazionistek gehien ukatzen dutena ez da klima aldaketa, baizik eta gizakiak zerikusia izan duela klimarekin eta ikusten ari garen aldaketa horrekin. Mota askotako negazionistak daude, eta, nire ustez, oso garrantzitsua da horiek bereiztea. Nik hiru taldetan sartzen ditut: lehen taldekoek ezjakintasuna, ez-jakitea edo ez-ulertzea dute oinarrian. Gaur egun zaila da jendeak klima aldaketari buruzko informaziorik ez izatea, baina, hala ere, baliteke informazio hori ondo ulertu ez izana. Bigarren motakoak ere ez dira oso ugariak: talde horretakoek patologia bat dute eta errealitatea nahasmendu psikologiko batetik ukatzen dute, mundua mundu denetik. Nire ustez, hirugarren motako negazionista da arriskutsuena, interesengatiko negazionistak direlako. Inork ezin du sinetsi Donald Trumpek, Bolsonarok edota Abascalek, pertsona kultuek, informatuek eta aholkulari handiak dituztenek, azken batean, klimarekin zer gertatzen ari den ulertzen ez dutenik. Horiek hirugarren motako negazionistak dira, zalantzarik gabe. Ez datorkie ondo klima aldaketa gertatzen ari denik onartzea eta, are gutxiago, horren erruduna gizakia dela aitortzea. Hortaz, ukatu egiten dute; interesagatik, berekoikeriagatik, estrategia politikoagatik edo bestelako edozein arrazoirengatik. Mota horretako ukatzaileekin zero tolerantzia izan behar dugu.
Glaziarrak urtzea, bero-boladak, itsas maila igotzea, ozono-geruza... prozesu horiek berreskuragarriak dira ala jada ez dute atzera-bueltarik?
Gauza guztiek konponbidea dutela esaten da, heriotzak izan ezik. Jarri dituzun adibideetatik, ozono-geruza berreskuratzen ari den zerbaiten adibide gisa jartzen da, baina ez da gauza bera gertatzen klima aldaketari buruzko gai askorekin, bete-betean ekonomia ukitzen dutelako. Interes kontrajarriak daude politikarien eta enpresarien artean, eta, klimaren goi-bileretan ikusten ari garenez, petrolio-ekoizleek bat egin dute egoera blokeatzeko. Beraz, alde horretatik, zaila da aurrerapausoak etorriko direla pentsatzea.
2025a urte gogorra izan da bero-boladei eta suteei dagokienez. Esan duzu 1.500 urteko itzulera-epea izan behar lukeena 13 urtekoa izan dela. Azalduko diguzu zer den hori?
Itzulera-denbora kontzeptu estatistiko bat da, gertaera bat berriro gertatzeko behar den denbora kalkulatzen duena. Beste era batera esanda, gertaera baten maiztasunaren berri ematen digu. 1.500 urteri buruzko adibideak –zuzen esanda, 2.500 dira, batzuetan ni neu ere nahastu izan naiz– 2025eko abuztuko bero-boladari egiten dio erreferentzia; penintsulan zehar izan ziren suteak elikatu zituena. Horrelako edo antzerako bero-boladen itzulera-aldia 2.500 urtekoa zen; beraz, Erromatarren arotik gure garaira behin bakarrik izan beharko lirateke. Bada, klima aldaketak itzulera-aldi hori 13 urtera murriztu duela kalkulatzen da. Horrek esan nahi du bi milurteko eta erdian behin gertatzen zen jazoera bat ia hamarkada bakoitzean errepikatzen ari dela.
Klima aldaketari dagokionez, zeintzuk dira, zure ustez, gaur egun gizateriak dituen ingurumen-erronka nagusiak?
Gaur egun gizateriak dituen ingurumen-erronka nagusiak planetaren mugei lotuta daude; muga fisiko, kimiko eta biologikoei lotuta, gizakiak behar-beharrezko dituenak bizitzeko. Bederatzi muga daude, eta horietatik zazpi dagoeneko gainditu dira. Beraz, gaur-gaurkoz, eremu ez-seguruan gaude. Hori dela eta, zazpi horiek dira Zientziak mehatxu nagusitzat jotzen dituenak: klima-aldaketa dugu; baita ere espezieen galera, alegia, dibertsitatearen galera; ur-eskasia, gero eta larriagoa; kutsadura atmosferikoa ere badugu; nitrogenoaren eta fosforoaren zikloetan aldaketak ere bai, eta orain kutsatzaile garrantzitsu bihurtzen ari dira; era berean, itsasoen maila azidoa eta koralen galera da ozeanoen produktibitatea eta itsas ekosistema handiaren egonkortasuna arriskuan jartzen ari den beste gaietako bat. Horiek lirateke, objektiboki, mundu mailako ingurumen-arrisku nagusiak, baina, jakina, eremu lokalera etorrira, arriskuak beste batzuk izan daitezke: uholdeak, lehorteak, haizearen abiadura, funtsezko espezieak galtzea edo espezie inbaditzaileak egotea... Hori tokian-tokian gertatzen da, eta leku bakoitzean inpaktu bat edo beste eragiten du.
Desazkundea aipatu duzu alternatiba gisa. Zer esan nahi du horrek? Zure ustez, nola erantzungo du gizarteak hazteari lagatzeari?
Ekonomiaren desazkundeak iparraldearen ekoizpena gutxitzea esan nahi du. Kontsumoa ere bai, baina hori gehiago dator kontsumo arduratsuari lotuta, eta kontsumo arduratsura bideratutako estrategia asko daude. Horregatik uste dut ekonomiaren desazkunde kontzeptua aplikatzeko aukera handiagoa dagoela ekoizpenari lotuta. Esan nahi dut enpresei eta ekoizpen-sektoreari eragiten dien alderdian gehiago dugula eragiteko kontsumitzaileari begira baino. Azken batean, ekonomia hoztea da desazkundea, gutxiago sortzea eta gutxiago kontsumitzea. Eta hori gertatu egingo da; ez da aukerakoa edo nik esaten dudan gauza bat. Arazoa izango litzateke kontrolik gabe edo aurreikuspenik gabe gertatzea, modu horretan atzeratze ekonomikoan sartuko garelako, eta horrek sufrimendu handiagoa eragingo digulako. Esan dezagun gertatuko direla tragediak, kalteak edota heriotzak, ondo aurreikusiz gero saihestu egin ahal izango genituzkeenak. Ekonomiaren desazkundeak ez du zerikusirik eskasiarekin; alderantziz da: ugaritasuna da, enplegu betea, bizi-kalitate hobea, baina gutxiago ekoiztu eta kontsumitzen da, eta desberdin bizi behar da. Azken finean, desazkundea aukera bat da sistema sozioekonomikoari buelta emateko eta orain sartuta gauden kapitalismoaren alderdirik jasanezin eta arriskutsuena iraultzeko. Ezinbestekoa da desazkundea, eta gizarteak badu, alde horretatik, egokitzeko gaitasuna.
Europak politika berdeen aldeko apustua egiten du, baina Errusiak, Txinak eta Ameriketako Estatu Batuek, potentzia handiek, beste interes batzuk dituztela dirudi. Berdeguneak hormigoiaren eta asfaltoaren aurrean; osasuna diruaren aurrean. Ba al dago hori orekatzeko modurik?
Balantza orekatzeko moduak badaude, baina lehenengo kontua ezagutza da, jendeak jakin nahi izatea, ulertzea, eta denok horren arabera jokatzea. Eta hori zaila da, motela, eta ez da beti behar dugun abiaduran gertatzen; hala ere, egin daiteke. Gauza gehiago egitera bultza gaitzaketen kezketako bat osasuna da, eta hori mehatxupean ikusten dugunean, geurea edo gure senideena, erreakzionatu egiten dugu. Hor mobilizaziorako arma indartsu bat daukagu. Beste aldean, baina, alderdi ekonomikoa daukagu, eta horrek ere kezkatzen gaitu. Gaur egun ez daukagu dirurik klima aldaketaren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko. Hori dela eta, herrialde guztiek zorpetu behar dugu, batzuek beste batzuek baino gehiago, jakina, batzuek zor hori itzultzeko gaitasun handiagoa dutelako. Zor hori sistema kapitalistaren zentzugabekeriaren emaitza da, eta, klima aldaketaren arriskuak hazten ari direnez, ezin izango dugu zorra ordaindu. Beraz, klima aldaketatik ateratzeko irtenbide sozial eta politikoa aurkitu behar da.
Gazteak aipatzen dituzu etorkizunerako itxaropen gisa. Ez duzu uste ardura gehiegi ematea dela?
Nik errespeturik handienarekin hitz egiten dut gazteei buruz, eta iruditzen zait askotan bidegabeki jokatzen dugula haiekin. Demagun gazteei %47 hondatuta dagoen planeta bat ematen diegula, eta orain hura konpontzeko eskatzen diegula. Hori tratu bidegabea da, eta, gainera, disfuntzionala, ezin izango dutelako planeta eurek bakarrik konpondu. Nire ustez, gazteei konfiantza eman behar diegu, eta ezin ditugu bakarrik utzi, egin behar duten ahaleginean lagundu behar diegu. Uste dut gazte askok gaitasun handia dutela, oso jantzita daudela eta oso kontziente direla gertatzen ari denaz. Esango nuke gazte asko egoera aldatzeko gauzak egiten ari direla. Gustatuko litzaidake belaunaldien arteko itun moduko bat sortzea, ahalegin horretan gazteak bakarrik egon ez daitezen. Idealismotik gurdiari tira egin ahal izango diote, baina gainerako adin-taldeok ere hor egon behar dugu, gazteen prestakuntza horri laguntzen.
Zer ekarriko digu etorkizunak? Zer-nolako mundua utziko diegu gure bilobei?
Etorkizuna askotariko eszenatokietan ikusi behar da, eta zientzialariok, normalean, hainbat eszenatoki aipatzen ditugu; jakina, batzuk gertatzeko probabilitate handiagoa dago beste batzuk baino. Mundua ez da zortzi gradu berotuko, seguruenik; baina ez da ezinezkoa hori gertatzea. Dena den, klima aldaketa ez da esku artean gauza bakarra. Biodibertsitatearen krisiaz ari gara: ur faltaz, eta lehen aipatu ditudan gauza horiek guztiak kezkagarriak dira, prozesu horien arteko elkarrekintza guztiek arrisku eta kezka handiagoa eragiten dutelako. Beraz, etorkizun kezkagarria dugu, arrisku handikoa, non gauza asko zailak izango diren; bereziki, ahulenentzat. Egin behar duguna da egoera ulertu eta, agertoki horien larritasuna arintzen saiatzeaz gain, egoera berrira egokitzen saiatu. Egokitzapen horretan giza eskubideak hartu behar dira kontuan, eta desberdintasunak murriztu; izan ere, desberdintasuna dirua kostatzen zaigu. Oro har, etorkizuneko agertokiak kezkagarriak dira, eta uste dut egoera kezkagarri horri aurpegira begiratzeak lagundu diezagukeela egoera horretara zerk eraman gaituen konturatzeko. Funtsean, sistema sozioekonomiko jasanezinaren ondorioa da; azken hamarkadetako kapitalismo azeleratu baten emaitza; turbokapitalismoa deitzen duten hori, bere burua irensten duen kapitalismoa. Zer mundu utziko diegun gure bilobei? Lehenik eta behin, gaur egun dugun munduaz kezkatzen hasiko nintzateke, hondamendi batera goazelako, eta etengabeko abiaduran, gainera. Orainari begiratu behar diogu, lehenik, eta pentsa dezagun zer biloba utziko dizkiogun munduari etorkizunerako, nolakoak izango diren biloba horiek, nola lan egingo dugun gizarte justu eta informatu batean bizi daitezen, ikuspegi kritiko batekin, elkartasunerako gaitasun eta balioekin... Biloba horien bertsiorik onena utzi beharko genioke etorkizunari. Munduari zein biloba utziko dizkiogun pentsatzea bezain garrantzitsua da gure bilobei zer mundu utziko diegun pentsatzea.