Iñaki Goikoetxea: "Kanpotik sumatzen nuen familia-giro horrekin egin dut topo Eibarren"

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 14a

Iñaki Goikoeetxea entrenatzailearen eserlekuan, Ipuruan. SD Eibar.

Iazko maiatzetik da Iñaki Goikoetxea (Deba, 1982) SD Eibar klubeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea.

Iaz iritsi zinen SD Eibarrera. Ze balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Hutsetik abiatzea modukoa izan zen. Batetik, egiteke zegoelako taldea, ni neu moduan etorri berriak zirelako jokalarien erdiak edo. Eta, bestetik, zenbait urtetan aldenduta egon nintzelako emakumeen futboletik. Hiru urte egin nituen Realean, baina azken 5-6 urteak gizonezkoen taldeetan egin nituen, eta berriro egokitzea tokatu zitzaidan. Kosta zitzaidan arren, orain artekoaren balorazioa oso ona da. Lortu dugu talde sendoa izatea, eta ikusten dut jokalariak ohitu egin direla gure lan egiteko modura. Emaitzak ere hasi dira bistaratzen. Nahiko genituzkeenak baino puntu gutxiago batu arren, lehiakorrak gara. Bilakaera bat izan da.

Zein dira taldearen helburuak?
Mailari eustea da klubaren helburua. Horrekin batera, baloiarekin gehiago jokatzen duen taldea izatea gustatuko litzaidake. Eibarko taldeak ohituta daude defentsa sendoak edukitzera, eta ez horrenbeste baloiaren jabetza izatera. Nire nahia da baloia dugunean erasokorragoak izatea. Kostatzen ari zaigun arren, lortuko dugun esperantza daukat.

Aurrelaria zinen zu. Igartzen da, nolabait, entrenatzaile jardunean?
Nahiko nuke gehiago igarriko balitz, aurten hamaika gol bakarrik sartu baititugu. Partidetan lehiakorrak garen arren, erasoan asko kostatzen zaigu aukerak sortzea, eta, bereziki, golak sartzea. Talde erasokorrak gogoko ditut eta saiatzen gara entrenamenduen bidez alor horretan hobetzen, baina ditugun jokalarien ezaugarrietara moldatzen ere jakin behar da. Denboraldiaurrean bagenuen ideia bat nola jokatu behar genuen, baina, jardunaldiak igaro ahala, eta jokalariek erakutsitakoaren arabera, moldaketak egin ditugu.

 

Izaera bereziko kluba da Eibar. Zerekin egin duzu topo? Zer azpimarratuko zenuke?
Eibarri buruz beti entzun izan da familia bat bezalakoa dela, eta halaxe dela egiaztatu dut. Instalazio berriak estreinatu ditugu Areitioko kirolgune berrian, eta egia da hobeto lan egiteko laguntza handia ematen dutela hemen ditugun baliabideek, puntako instalazioak baitira. Alabaina, nortasunari eusten dio Eibarrek. Egunerokoan erraza da edonorekin hitz egitea, gertuko harremana daukagu gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen artean, eta kanpotik sumatzen nuen familia giro horrekin topo egin dut. Lana eta familia; horiexek dira Eibarren balio nagusiak.

Eibarrek sei urte daramatza gorengo mailan, F mailan. Errotuta dagoen proiektua da?
Baietz uste dut. Lantalde eta egitura sendoak aurkitu nituen hona iritsi nintzenean, bai koordinazioari dagokionez, eta baita bestelako kontuetan ere: delegatua, medikua eta abar. Zutabeak ondo jarrita dituen proiektua da, eta horri esker errazago moldatzen gara etorri berriak. Eta egitura horrek badu bere garrantzia, gero eta lehiakorragoa baita emakumezkoen futbola. Guretzat zaila da ahal ekonomiko handiagoa duten taldeen aurka lehiatzea, eta, horregatik, detaile guztiei erreparatu behar diegu, futbolaren inguruko kontuetan zein zelaikoetan. Partida guztietan topera irtetera behartuta gaude, bestela jai daukagu eta.

Nola ikusten duzu emakumeen futbola eskualdean? Nondik eskuratzen dituzue talde nagusirako jokalariak?
Harrobian eskualdeko jokalari asko baditugu ere, ezagutzen ditut Elgoibarko eta Debako jokalariak, inguruko herrietako jokalari gutxiago daude B taldean; eta, bereziki, emakumezkoen talde nagusian. Talde nagusirako Reala, Athletic eta Alaves dira gure arrantza-lekuak. Talde horietan lekurik ez duten eta nahiko luketena baino gutxiago jokatzen duten jokalariekin osatu edo indartzen dugu Eibar. Horrekin batera, baina, komeni da harrobiko jokalariekin lan egitea bailaran.

Futbolaz apenas dakien norbaiti zer nabarmenduko zenioke Emakumezkoen Lehen Mailaz?
Badira urte batzuk emakumeen maila goreneko futbola sustatzen eta indartzen ari direla. Gertatu den aurrerapauso handiena, nire ustez, talde guztiek harrobiko lana garatu dutela da. Denek dute ekosistema hori, futbol kultura osoa eskaintzen dute, txikitatik hasi eta talde nagusira iritsi arte ibilbide osoa egiteko aukera. Ondorioz, jokalariak prestatuago ailegatzen dira Lehen Mailara, eta gora egin du ligaren mailak. Jokalariek hobekuntza handia izan dute teknikoki eta fisikoki azkenengo hogei urteetan, eta hemendik hamar urtera kalitate handiagoko jokalariak sortuko ditu ligak. Guk, adibidez, nutrizionista bat ere badaukagu, eta epe luzeagora igarri egingo ditugu onurak. Hobekuntza horiek guztiek kalte-ondorioak ere badituzte: jokalari onenak eramaten dituztela. Diru gehiago dute Ingalaterrako eta Mexikoko ligetan, eta hara eramaten ari dira Espainiako jokalari onenak.

Athleticek ligak irabazi zituen garaietatik hona aldaketa handia izan da, beraz?
Bai; duela 22 urte inguru sortu zuten Athletic, eta gertutik jarraitu nuen izan zuten bilakaera, Bilbao Athleticeko jokalaria bainintzen sasoi hartan. Eboluzioa handia izan da, jokalari finagoak daude orain, preparatuagoak fisikoki eta taktikoki ere bai, entrenatzaileak preparatuago daudelako, besteak beste. Goia jo ez duen prozesua da, etenik gabe doa hobetzen.

Asteburuan Bartzelonaren aurka jokatuko duzue, Johan Cruyff estadioan. Azken urteotan andre eta jabe dira ligan –eta Europan ere bai–. Non dago haien arrakastaren gakoa?
Lehenago aipatu dudan prozesu hori, harrobia lehen taldearekin etapa guztietan lotzearena, gainerakoek baino lehenago hasi zuten beraiek. Abantaila hori dute gainerakoekiko, eta hori izan daiteke arrakasta ulertzeko azalpenetako bat. Harrobitik jokalari oso onak atera dituzte. Egia da 14-15 urteko gazte oso onak ere fitxatzen dituztela Espainia osoan. Beste inork baino lehenago atzeman zuten nola lan egin. Uste dut gainerako taldeak poliki-poliki joango direla hurbiltzen haiek duten mailara. Real Madril taldea ere geroago sortu zuten eta bidea egiten ari dira oraindik. Eta komeni da lehia egotea. Bartzelona nagusi da emakumezkoen futbolean, gizonezkoen eskubaloian ere bai, aurkariei ia aukerarik eman gabe. Erabateko nagusitasun hori ez da eredurik onena zale berriak erakartzeko.

Liga profesionala da F liga. Espainian lau ligak dute estatus hori –futboleko 1. eta 2. mailak eta ACB liga–. 
Espainiako Estatua ahalegina egiten ari da emakumezkoen futbola gainerako liga profesionalekin parekatzeko, nahiz eta aldea handia izan alor ekonomikoan. Emakumezkoen futbolak sortzen duen dirua edo etekina ere ez da besteen parekoa, eta sarrerarik gabe galerak ere ezin dira eduki. Gure partiduetara 500 bat ikusle etortzen dira, eta, Bartzelona kenduta, gainerakoetara 1.500 bat ikusle joaten dira, batez beste. Alegia, oraindik lan asko daukagu egiteko, zaleak erakartzeko eta etekinak handitzeko. Edonola ere, beti gogorarazten diet jokalariei Lehenengo Mailan gaudela eta jokalari profesionalak direla. Futboletik bizi dira, eta ez dute beste lanik egiten, batzuk ikasten ere ari diren arren. Gainera, gaur eta hemen dauzkagun baliabide guztiekin ez dago aitzakiarik profesionalak ez izateko. Askotan errepikatzen diet norbere buruarekin exijentea izatea dela lehen pausoa.

Realaren emakumezko taldean hasi zinen emakumezkoen futbolean, Gonzalo Arconada entrenatzailearen lantaldearen barruan. Hiru urte egin zenituen han, eta Espainiako Erreginaren Kopa irabazi zenuten, Granadan. Zer irakaspen atera zenituen etapa hartatik?
Futbola laga, eta bi urte eman nituen Real Unionen entrenatzaile laguntzaile karguan. Urte zailak bizi izan genituen, baina egoera zailetatik ikasten da gehien. Izugarrizko aldaketa izan zen Realaren emakumezkoen taldean entrenatzaile taldean sartzea. Nigan erakutsi zuten interesak harritu egin ninduen, aritu gabea nintzelako emakumeen futbolean. Neure burua prest ikusten nuen, eta... "zergatik ez?", pentsatu nuen. Egokitzea kosta zitzaidan arren, aberasgarria izan zen, oso. Futbolaren oinarrietara itzultzea modukoa izan zen. Futbolaren kultura honetara geroago batu direnez, ikasteko interes handiagoa erakusten dute emakume
futbolariek, gehiago entzun eta galdetzen dute. Bizirik dute kuriositate hori. Gogoko dut haiekin izaten dudan eztabaida hori, eta ikuspuntu desberdin horiek aberasgarriak dira. Sanoagoak ere badira jokatzeko moduan, ez dute euren burua nahita lurrera botatzen edo ez dute gizonek adina imintzio egiten, oraingoz. Ikusiko dugu futbolak nora garamatzan hurrengo urteetan.

Realeko etapa amaitu ostean, norako exotikoa aukeratu zenuen entrenatzaile moduan trebatzen jarraitzeko. Dominikar Errepublikara joan zinen 2022an, hango selekzioko bigarren entrenatzaile izateko –Iñaki Bea zen lehen entrenatzailea–. Zer ikusi eta ikasi zenuen?
Laguna dudan Iñaki Bearen deia jaso nuen, bigarren entrenatzaile bat behar zuela eta. Talde gabe nengoenez, hara joan nintzen. Esperientzia motza bezain polita izan zen. Nazioen Liga jokatzeko prestatu genuen taldea. Hilabeteko egonaldia egin genuen Punta Canan, eta lau partida jokatu genituen, gero, hiru hilabeteko tartean. Beste era bateko futbola ezagutu nuen, hango beroarekin bizi eta entrenatzea ere esperientzia berria izan zen, eta 20.000 pertsonaren aurrean jokatu genuen Guatemalaren aurkako partidua ere gogoan daukat. Ikasketa handia izan zen.

Atzera begira jarrita, zer oroitzapen dituzu futbolari gisa egin zenuen ibilbideaz?
Oraintxe bertan itzuliko nintzateke jokalari izatera. 16 urte nituenetik 34ra bitartean izan nintzen jokalari profesionala edo erdi-profesionala, eta nabari dut bizimodu haren hutsunea. Debako hondartzan hasi nintzen futbolean jokatzen, debar gehienok bezala. Eta infantiletan Amaikak Baten hasi nintzen. Kadete eta gazteen bigarren urtera arte egon nintzen. Talde nagusira igo ninduten, eta, bost partida jokatu ostean, Ondarroako Aurrerak fitxatu ninduen, eta han hasi nuen ibilbide profesionala, Hirugarren Mailan. Egon naizen talde guztien oroitzapen oso onak ditut. Gehienbat, Bizkaiko taldeetan aritu naiz, baina Badalonan egin nuen urtea ere esperientzia izugarria izan zen; etxetik urrun egin nuen aurrenekoa.

Zer taldek dute lekua zure bihotzean?
Realzalea izan naiz umetatik. Ni aritutakoen artetik Amaikak Bat, Aurrera Ondarroak eta Real Unionek laga dute nigan arrastorik sakonena. Oso gaztea nintzen Deban eta Ondarroan egon nintzenean, eta ardurarik gabe izugarri gozatzen nuen futbolaz. Ondarroako jende zoragarria ezagutu nuen. Irunen egin ditudan urteak ere emankorrak izan dira: Bigarren Mailara igo ginen, Real Madril kanporatu genuen Kopan... jokalari eta entrenatzaile izan naiz Irunen eta han bizi naiz, emaztea ere han topatu bainuen. Asko eman dit Real Unionek. Amorebietan, jokalari izateaz gainera, bigarren entrenatzaile ere aritu nintzen Bigarren Mailan egon zirenean, eta hango presidentearekin ere gertuko harremana daukat. Gainera, Amorebietak eta Ondarroak partekatzen duten gauza bat asko gustatzen zait, futbolaren inguruan herri guztian dagoen giroa. Balio handia ematen diot herri txikietako giro horri, gertutasun sentimendu horri.


Motzean

  • Futbolak laga dizun oroitzapen on bat? Real Madril Kopatik kanporatu genuenekoa, eta futbolari esker egin ditudan lagun guztiak, askorekin mantentzen baitut harremana.
  • Oroitzapen txar bat? Txarretik, gutxi; izatekotan, kanpora lehenago irten ez izanaz damutzen naiz. Eskaintzak izan arren, etxeko erosotasunaren alde egin nuen.
  • Gol asko sartu zenituen; aukeratu bat. Bi esango dizkizut: Real Madrilen aurka Kopan etxeko partidan sartu nuena eta urte berean (2008) Real Unionekin Bigarren Mailara igotzeko azken partidan sartu nuena.
  • Aurkari bat? David Silva. Geldiezina iruditu zitzaidan Valentziaren aurka jokatu genuen partida batean.
  • Gizonezko futbol jokalari bat? Umetan Guardiola-zalea nintzen, Bartzelonan jokatzen zuenean. Gerora, Ronaldo brasildarrarekin geratzen naiz.
  • Zeresana emango duen emakumezko jokalari bat? Vicky Lopez, Bartzelonakoa. Oso gaztea den arren, Aitanaren, Alexiaren eta haien arrastoan ikusten dut.
  • Taldekide bat? Zuhaitz Gurrutxaga. Taldekideak izan ginen Lemonan eta Real Unionen, eta oraindik ere sarri-sarri hitz egiten dugu. Umore bikaina du.
  • Futbol zelai bat? Bernabeu. Inpresioa egiten du han sartzeak bakarrik.
  • Gizonezkoen Munduko Txapelketa jokatuko dute aurten AEBetan. Nor ikusten duzu irabazle? Argentina. Gustatuko litzaidake Messik berriro irabaztea.