Debabarrenak argi-ilunez beteriko argazki demografikoa utzi du 2025. urtean. Eskualdeak, osorik hartuta, biztanle kopuruan gora egin du, baina, datuetan sakonduz gero, horiek garbi adierazten dute errealitatea: heriotzak jaiotzak baino askozaz gehiago izan dira eta biztanle kopurua kanpotik etorritako pertsonei esker hazi da.
2025eko urtarrilaren 1ean, Debabarrenak 72.391 biztanle zituen. Hamabi hilabete geroago, abenduaren 31n, 73.032. Zenbaki absolutuetan, eskualdean 641 biztanle gehiago daude iaz baino; hau da, %0,88ko hazkundea izan da.

Urte osoan, Debabarrenean 463 jaiotza eta 700 heriotza erregistratu ziren. Horrek esan nahi du emaitza naturala negatiboa izan dela; zehazki, -237 pertsonakoa. Jaiotakoen eta hildakoen arteko arrakala horrek agerian uzten du eskualdeak, berez, modu naturalean, biztanleria galtzeko duen joera. Orduan, nola liteke 641 biztanle gehiago izatea? Erantzuna migrazioan dago: kanpotik bailarako herrietara iritsitako herritarrek 237 heriotza horien datu negatiboa konpentsatzeaz gain, eskualdean 641 pertsona gehiago erroldatu dira. Ondorioz, datu horien arabera, urtean migratu duten pertsonen emaitza +878 pertsonakoa da.
Eibar hazi da gehien
Hazkundea ez da uniformea izan Debabarreneko zortzi herrietan. Alde handiak daude herri handien eta txikiagoen artean.
Eibar izan da gehien hazi den herria. Hiri armaginak 27.488 biztanlerekin hasi zuen urtea eta 27.920rekin amaitu, 432 biztanle gehiagorekin. Hazkunde horren zati handi bat migrazioari zor zaio, Eibarren emaitza naturala negatiboa baita (-7 pertsona). Eibarren ondoren, Elgoibarrek (+96) eta Soraluzek (+87) izan dute biztanleetan hazkunderik nabarmenena. Soraluzeren kasua bereziki aipagarria da, proportzionalki gehien hazi den herria baita (%2,25 inguru). Debak (+66) eta Mendarok (+12) ere datu positiboak lortu dituzte.
Kontrako aldean daude hiru herri biztanleak galdu dituztenak: Ermua, Mallabia eta Mutriku. Ermua da biztanle gehien galdu dituen herria, iaz 31 biztanle galdu eta gero (15.570tik 15.539ra); Mallabia izan da proportzionalki galerarik handiena izan duena (-%1,7), hemeretzi biztanle gutxiagorekin; azkenik, Mutrikuk bi biztanle gutxiago izan ditu urte amaieran.
Mallabiak, jaiotza- eta heriotza-tasarik handiena
Jaiotza- eta heriotza tasei erreparatuta, bitxikeria demografiko batzuk ikus daitezke, herri bakoitzekoak oso desberdinak baitira biztanle kopuruaren eta adin-egituraren arabera.
Esaterako, jaiotza-tasarik handiena Mallabiak du (9,87), nahiz eta 2025ean biztanleak galdu dituen. Haren atzetik Eibar (8,00) eta Soraluze (7,78) daude. Aldiz, jaiotza-tasarik txikiena Deban erregistratu da (4,08), eta ondoren Ermuan (4,69).
Heriotza-tasari dagokionez, Mallabia da berriro ere zerrendaburu (17,94); eskualdeko batez bestekoa (9,67) ia bikoiztu egiten du. Jaiotza-tasa handia duen arren, proportzionalki heriotzak gehiago dira herri horretan. Tasarik handienak dituzten hurrengo herriak Mutriku (11,07) eta Ermua (10,85) dira.
Heriotza-tasa txikiena, berriz, Mendarok du (7,89). Haren atzetik Eibar (8,26) eta Elgoibar (9,57) daude.
Migrazioa motore nagusi
2025eko datu demografikoek erakusten dute Debabarrena, mantso bada ere, eraldatzen ari dela. Bistakoa denez, eskualdearen biziraupen demografikoa migrazioaren esku dago, saldo naturala negatiboa baita herri guztietan, Ermuaren -96 biztanleko emaitza nabarmenetik hasi eta Mallabiaren -9 biztanleko emaitzaraino. Eibar eta Elgoibar herri industrialak dira eta erakartze-ahalmena mantentzen dute, eta Ermuak eta Mallabiak, berriz, biztanleria mantentzeko zailtasun gehiago dituzte. Mendaro eta Mutriku oreka batean dira eta Soraluze da proportzionalki gehien hazi dena, migrazio-fluxu handiagatik. Hain justu, datuek argi erakusten dute: jaiotza-tasak igotzen ez diren bitartean, gaur-gaurkoz, kanpotik datozen pertsonen etorrera da Debabarrena demografikoki mantentzen duen motor nagusia.