Gerora Radio Euskadi izango zenaren hazia, Itziarko baserri batean ereina 36ko gerran

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 20a

Itziartik egin ziren irrati emisioak ekarri dituzte gogora 'Recalculando' saioan.

Joan den ostiralean (otsailak 13), Irratiaren Nazioarteko Egunean, Itziartik emititu zuten Radio Euskadiren Recalculando saioa. Ez zuten kasualitatez hautatu, ez eguna, eta ez lekua. Izan ere, egungo Radio Euskadiren aitzindaria izan zen Radio Euzkadiren sorreran Itziarrek "berebiziko garrantzia" izan zuela nabarmendu zuten saioan.

Irratiaren historia ikertzen urte asko egin dituen Leyre Arrieta (Mutriku, 1971) izan zen gonbidatuetako bat. Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakaslea eta doktorea da, baita La Historia de Radio Euskadi. Guerra, resistencia, exilio, democracia liburuaren egilea ere. Eta irratsaioko aurkezleek emandako datuak berretsi zituen ostiraleko saioan: gerra garaian 10-12 egunez irrati emisioak Itziartik egin zituztela baieztatu zuen. "Emisioak Getari bezala ezagutzen den baserritik egin zituzten, nahiz eta berez Urbieta den baserriaren jatorrizko izena". 

Arrietak azaldu duenez, "gerra hasi zenean, irrati bat edukitzea arma garrantzitsua zen bi bandoentzat. Bakoitzak bere lurraldean zeuzkan irratiak kontrolatzen zituen. Donostian Union Radio San Sebastian zegoen 1936an, baina, tropa frankistek Donostia hartu aurretik, errepublikanoek Union Radio San Sebastianeko aparailuak hartu eta leku seguru batera eraman zituzten. Eta zein leku seguruagorik Itziarko baserri bat baino?".

Polentzi Markiegi tartean 

Bada, Polentzi Markiegi orduko Debako alkatearen ekimenez, lagun zuen baserriaren jabe Jose Antonio Zabalak bere etxea utzi zuen irrati-instalazioa bertan jar zezaten. Irratiaren "estudio ofiziala" baserria izanik, etxekoek inguruko baserrietan egin zuten lo emisioek iraun bitartean.

Arrietak aipatu zuen Zabalaren hiru seme-alabekin hitz egiteko aukera izan zuela: Maria Dolores, Maria Luisa eta Ignacio. "Nagusiak bakarrik oroitzen zituen gerra garaiak. Gogoratzen zuen militar asko zeudela etxean eta beraiek logelak utzi zizkietela. Gogoratzen zituen, halaber, hegazkinak oso baxu hegan egiten, eta beldur handia ematen zietela. Haien aita kartzelan egon zen geroago, nazionalistei laguntzeagatik, eta itzuli zenean zera esan zien: 'Zuei zerbait egiten badizuete ere, sekula ez bueltatu".

Markiegi alkate abertzalea faxistek fusilatu zuten, Santoñako Barriako hondartzan, 1937ko urriaren 15ean. "Eta Zabalak berak ere arriskua hartu zuen, haren printzipioengatik, baserria uztean", erantsi zuen ikerlariak. 

Gerrako irratia

Egungoarekin alderatuta, bestelakoa zen oso orduko irratia. "Ez zen irrati komertzial bat, hori argitu nahi dut", nabarmendu zuen Arrietak. "Gerra-irrati bat zen, gerra-parteak emateko eta elkarrekin komunikatzeko tresna. Hasierako irrati hark misio estrategiko eta militarra izan zuen, baina propaganda-arma ere izan zen", gogorarazi zuen historialariak.

Leyre Arrieta: "Esango nuke Euskadi Irratiaren eta EITB taldearen enbrioia ere izan zela"

Zabaldua egon arren, ez da guztiz zehatza Radio Euskadi Itziarren sortu zela esatea. Irratiko tresneria Donostiatik ekarri ostean, emisioak bertatik egin ziren, bai, Radio Euzkadi izena erabiliz. Baina, 10-12 egunen buruan, frankistak Itziarrera hurbiltzen ari zirela ikusita, irratia Getxoko Punta Galeara eraman zuten; han izan zen bederatzi hilabetez. Ondoren, 1946an, Lapurdiko Mugerre herritik ekin zieten emanaldiei, 1954ra arte. Eta 1965etik 1977ra Venezuelatik emititu zuten. 1983an hasi zen egun ezagutzen den irratiaren azken etapa.

"Gertatzen dena da Eusko Jaurlaritzak bere irrati propioa izan nahi izan zuela hasieratik, eta nik horregatik esan nuen liburuan Getari izan zela hazia", laburbildu zuen Arrietak. Azaldu zuenez, irrati propioa sortzeko asmoz, Jose Antonio Agirreren Gobernua materiala AEBetatik ekartzen saiatu zen, "baina ez zen iritsi, gerragatik. Beraz, Itziarko egun haiei buruz zer dakigun? Ba, hemendik oso modu prekarioan transmititu zituztela gerra-parteak". 

Dena dela, Itziarko irrati xume hura gerora Radio Euskadi izango zenaren hazia izan zelakoan dago ikerlaria; "eta ez soilik Radio Euskadirena. Esango nuke Euskadi Irratiaren eta EITB taldearen enbrioia ere izan zela".