Senideak ditu Itziarren eta Deban, eta mendaroarra du aita, Niko, umetatik kirolerako zaletasuna transmititu izan diona eta gaur jarraitzaile sutsua duena. Zortzi urtean semearen partida bakarra galdu duela dio, final bat, eta bertan txapela jantzi zuen Jurdanek. Gaur ere aitarekin azaldu da elkarrizketara gaztea, eta hark lagundu dio BARRENAri elkarrizketa osatzen.
Urduri al zaude Mallabirako?
Jurdan: Ez, baina, akaso, igandean jarriko naiz pixka bat.
Eskarmentua baduzu. Bederatzi urtean hamaika txapelketa jokatu eta hiru txapel eskuratu dituzu, binaka. Noiz hasi zinen?
Niko: Ume-umetan hasi zen pilotan, 8 bat urterekin, eskuz. Pala 11-12 bat urterekin hartuko zuen. 16 urte bete zituenean txapelketetan lehiatzeko aukera zuela esan ziguten eta Errenteriako Mindara kirol egokituko taldean eman genuen izena, talde baten babesean beti hobea izango zelakoan. Hiru bat urte egin zituen han, harik eta 2019an Zumaiako Pilota Elkartea sortu zuten arte. Geroztik, Zumaiako taldean dihardu. Bederatzi urtean hiru txapel eskuratu ditu, bikoteka, eta askotan izan da txapeldunorde. Urte batean Espainiako Txapelketa antolatu zuten Gasteizen eta han ere jokatu zuen. Bakarkakoan, sailkapen nagusian laugarren dago momentuan Gipuzkoan. Zapatuan hasiko da Gipuzkoako buruz buruko pala txapelketa, Donostiako Atanon, eta hurrengo bi partiduak Lazkaon jokatuko dituzte. Zortzi palista dira, eta, normalean, hor ibiltzen da, laugarren edo. Sailkapen hori hartzen dute gero kontuan Gipuzkoako binakako pala txapelketako bikoteak osatzeko.
Mallabian zein izango duzu lagun?
Jurdan: Ez dut ezagutzen, baina Daniel Calvo dauka izena eta bizkaitarra da.
Niko: Txapelketa honetarako antolatzaileek osatu dituzte bikoteak. Ez du laguna ezagutzen, baina Jurdani berdin dio zein den. Hori du ona. Joseba Urkiola ETBko Kirol arduradunak aurkezpenean esan zuen kirol egokituarekin zor bat zutelako antolatu dutela txapelketa hori eta erabaki zutela Bizkaira eta Arabara zabaltzea, eta gu, jakina, pozik, kirol egokituari ikusgarritasuna emateko delako. Mallabian Gipuzkoako lau palista arituko dira, adimen urritasuna duten pertsonen zutikako txapelketan: Jurdanek Zumaian taldekide duen Leire Esnal, Erik Gaton, Joseba Altuna eta gurea, eta bikote bakoitzak hiruna partidu jokatuko ditu. Mallabian zehaztuko da zein bi bikotek jokatuko duten finala, Basaurin, martxoaren 1ean. Normalena litzateke gipuzkoarren bat finalerako sailkatzea, pala egokituan Gipuzkoan dagoelako maila handiena, baina zeinek daki...
Palan bakarrik ez, igeriketan ere aritzen zara. Zer duzu nahiago?
Jurdan: Biak gustatzen zaizkit, baina pala gehiago.
Niko: Igerian ere umetatik egin du. Zumaiara eramaten genuen astebururo igerian ikastera, eta hor ere 16 urte bete zituenean txapelketan izena emateko aukera zuela esan ziguten. Donostiako Konporta KEn eman genuen izena, Richard Oribe igerilari olinpikoaren taldean, hemen inguruan ez zegoelako igeriketa egokitua eskaintzen zuen talderik, baina gaur egun Azpeitiko taldean dabil, Lander Uria azpeitiarrarekin batera. Igeriketan Espainiako Txapelketa bi jokatu ditu: bata Valentzian eta bestea Madrilen, 18 urtez azpikoetan. 18 urtez gorakoetan, baina, denborak asko estutzen dira eta zaila dauka. Crawlean ibiltzen zen ondoen, baina ez du buruz salto egiten ikasi, eta hor denbora asko galtzen du. Indarra badu, eta, bestela, hortxe-hortxe ibiliko zen, baina... Ezta, Jurdan?
Zerekin egiten duzu amets?
Jurdan: Jokatzen dudan bakoitzean irabaztearekin.
Niko: Kirola egitea da guretzat garrantzitsua, on handia egin diolako. Psikomotrizitate arazoak dauzka, eta ikaragarrizko aurrerapena egin du kirolari esker. Blok-fisher gaixotasun arraroa dauka Jurdanek, eta muskuluen ahultasuna eragiten dio horrek, aurpegikoena barne. Eztulka hasten zenean ito beharrean ibiltzen zen lehen, eta beti zegoen lerdea zeriola. Orain, berriz, begira iezaiozu; ez dauka halakorik. Era berean, kirolari esker lagunak ere egin ditu. Beti ezin, ba, guk lagundu, eta frontoira bi palarekin bidaltzen nuen beti, hara inguratzen zen edonori eskaini ziezaion laguna izateko palan egiteko. Duen gaixotasunagatik zaila dauka bere adinkideekin planak egiteko, eta kirolarekin betetzen du denbora. Astelehenetan palan jokatzen du; astearte, asteazken eta ostiraletan Azpeitira eramaten dugu igeri egitera; eta ostegunetan, Zumaiara. Bi udatan, bizikletako gurpilak ere gastatu dizkit, egunero-egunero Zestoatik Azkoitira 30 kilometroko joan-etorria eginez.
Jurdan, zer esango diegu mallabiarrei iganderako?
Mallabitarrei eta denei esango nieke etortzeko frontoira gu ikustera.