Itziar eta Elgoibar artean AP-8 autobidean dauden radarretako abiadura mugak jaitsi dituzte azken hilabeteetan; eta, orain, radar finko berri bat gaineratu dute. Ibilgailuek ezingo dute 80 kilometroko abiadura gainditu. Itziarko tunelaren sarreran (55,252 kilometroan) ipini dute gailua. Paretik igaro diren gidariek bazuten susmoa radarra jartzekoak zirela, aste batzuk baitaramatza zutoinak, zinemometroa plastiko beltz batekin estalia egon bada ere. Kontua da, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak oraintsu eman duela baimena radarra erabiltzen hasteko, ebazpena argitaratuta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (otsailaren 20an argitaratu zuten).
Abiadura eta istripuak
Radar berria ipintzeko arrazoiak ere ematen ditu agirian Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaria den Estibaliz Olabarriak. Gehiegizko abiadurarekin lotutako istripuak murrizteko ipini dutela dio Olabarriak: "Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean gertatzen diren zirkulazio-istripuen % 90ean gehiegizko abiaduraren faktorea agertzen da. Horregatik, ezinbestekoa da errepideetako zenbait bide-tartetan bide-segurtasuna are gehiago zaintzea". Trafikoaren arduradunaren ustez, zinemometroak (radarrak) erabiltzea da "metodo eraginkorrenetako bat" zirkulazioaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako.
100 kilometro orduko muga sei kilometroan
Gauzak horrela, Itziar eta Elgoibar arteko sei kilometro inguruko autobide tarte horretan zati gutxitan joan daiteke orain 100 kilometro ordutik gorako abiaduran. Bilborako noranzkoan hiru radar finko daude orain: Itziarko tunelaren sarreran jarri dutena (80 Km/h), Istiñako tunelera iritsi aurrean dagoena (100 Km/h), autobidearen 57. kilometroan eta Mendarokoa (100 Km/h), 61. kilometroan.
Hiru radar 80 Km/h-ko mugarekin
AP-1/AP-8 autobideak Gipuzkoako lurralde osoa zeharkatzen du ekialdetik (Behobia) mendebaldera (Bizkaiko muga, Eibar eta Ermua artean). Gipuzkoako 75 kilometroko tarte horretan bederatzi radar finko daude, eta hiru dira 80 kilometro orduko muga zehazten dutenak. Hiruretatik bi Debabarrenean daude: Itziarren jarri berri dutena eta Maltzaga parean dagoena, Behobiarako noranzkoan. Hirugarrena Beduan dago, Zumaia parean, Behobiarako noranzkoan. Hain zuzen, bihurgunea hasieran dagoen radar horixe da lurraldean isun gehien jartzen dituena, 15.000 urtero.