Haundik Amaikak Bat taldearen aurka jokatuko du zapatuan Mintxetan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko otsailaren 26a

Gizonezkoen Haundi taldeak Debako Amaikak Bat taldearen bisita jasoko du asteburuan. Emakumezkoen Haundi taldeak, berriz, lidertza are gehiago sendotzeko aukera izango du Zizurkilen, azkenaurrekoaren aurka jokatuko duen neurketan. 

Gizonezkoen Haundik eta Amaikak Bat taldeek otsailaren 28an jokatuko dute elkarren aurka Mintxetan, 17:15ean. Zuri-gorriek puntu baliotsua eskuratu zuten aurreko jardunaldian Irunen, Real Union B liderraren aurka bana berdinduta. Elgoibartarrak sailkapeneko bosgarren postuan daude, 36 punturekin, eta 12. postuan dago zapatuan aurkari izango duen Amaikak Bat, 26 punturekin. (ikus sailkapena)

Azkenaurreko sailkatuari bisita

Denboraldi aparta egiten ari den emakumezkoen Haundi taldeak etxetik kanpo jokatu du Ohorezko Erregional Mailako 20. jardunaldiari dagokion neurketa; hain justu, Zizurkilen, Aiztondo taldearen aurka Elbarrena futbol zelaian. Sailkapeneko lehen postuan daude elgoibartarrak 43 punturekin, eta azkenaurreko postuan dago Aiztondo, 19 punturekin. Haundik garaipenak eskuratu ditu jokatu dituen azken bost partidetan, gol ugari sartuta gainera. Joan den asteburuan 4-1 irabazi zioten Landetxa taldeari Mintxetan. Halere, komeni zaie bolada on horrekin jarraitzea, puntu bakarreko abantaila baitute bigarren sailkatuta dagoen Bergara taldearekiko. Lau puntukoa da hirugarren sailkatuarekiko -Intxaurdi- duten aldea. (ikus sailkapena)
Hamar jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila.