Martxoaren 5ean hizlari izango den Raoul Servet adituak ondo ezagutzen du Basalgon jarri nahi dutena moduko zentral eolikoen gaia.
Karakateko alegazioak bereak
Jakintza aldetik, curriculum ikusgarria dauka. Servert, besteak beste, geografoa da, lau master ditu eta Araudi SLPko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia da. Horrez aparte, Karakateko zentral eolikoaren kontrako udal alegazioen egilea ere bada.
Datorren eguenean, 18:30ean izango da Tolarekua aretoan, energia berriztagarri bidezko trantsizio energetikoari buruzko hitzaldia eskaintzen.
Zapatuan, Topinburun
Datorren zapatuko mendi martxari dagokionez, berriz, ekimenarekin bat egingo dutenei egun horretan Topinburun elkartzeko dei egin diete, 11:00etarako.
Lau udalerritik abiatuko dira martxak:
- Soraluzetik, Plaza Barritik, 09:00etan. Bergararrak soraluzetarrekin batera joango dira.
- Elgetatik, 09:30ean.
- Eibartik, 09:30ean, Urkizutik.
- Elgoibartik, 09:00etan, tren geltokitik, Eibarrera joan eta eibartarrekin batera igotzeko.
Topinburun ekitaldi bat egingo dutela aurreratu dute, eta, horretarako, txaleko horiak eramateko eskatu diete martxara batuko diren guztiei.
Era berean, banderatxoak salduko dituzte, proiektuaren kontra daudenek leihoetan eta balkoietan jar ditzaten. Gaur iluntzean, barikua, mahai informatiboak jarriko dituzte Soraluzen eta Eibarren.