Debabarreneko mendi eta zelaietan ganadua lasai bazkatzen ikustea ohiko irudia da debabarrendarrentzat, baina, irudi horren atzean, aspalditik bere oreka mehatxatua sentitzen duen sektore bat dago, abeltzain eta baserritarrena, eta haiei zerbitzua eskaintzen dien albaitaritza zerbitzua ere egoera bertsuan da.
Gaur egun, Debabarreneko eta Gipuzkoa osoko abeltzainek erronka bikoitzari egin behar diote aurre: alde batetik, berriki Europan zabaldu den gaixotasuna –dermatosi nodularra–; eta, bestetik, landa-eremuak eta harekin batera albaitaritza zerbitzuak bizi duen egoera.
Agustin Urbieta Goikoetxea (Mendaro, 1964) Debabarreneko albaitaria egoera horren lekuko zuzena da. 1990ean hasi zen lanean albaitari, eta, 30 urtetik gorako ibilbideak ematen duen eskarmentutik, ahobizarrik gabe berba egin du BARRENArekin ganaduen txertaketa kanpainaz eta albaitaritza zerbitzuari aurreikusten dion egoera beltzaz.
Gipuzkoa, txertaketa kanpaina betean
Azken asteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta albaitariek buru-belarri dihardute Gipuzkoako ganadu guztia txertatzen. Arrazoia da dermatosi nodularra izeneko gaixotasuna, oso kutsakorra dena. Agustin Urbieta albaitariaren esanetan, gaitz hori ez da berria munduan, Afrikan aspaldi ezagutzen zuten, baina globalizazioak eta herrialdeen arteko mugimenduek zabaldu eta ekarri dute Europaraino. "Gaixotasuna bazegoen Afrikan, baina orain arte inoiz ez genuen ezagutu Europan. Gertatu dena da mundua aldatu egin dela, eta gaur egun mugimendu handia dagoela alde batetik bestera, eta horrek dakar gaixotasunak ere zabaltzea", azaldu du Urbietak.
Italian agertu, Frantziara igaro eta Katalunian detektatu ondoren, orain Euskal Herriko atarian da. Hego Euskal Herriari dagokionez, Espainiako Gobernuak hala aginduta, Nafarroako iparraldean –Iruñetik gora– eta Gipuzkoan dihardute txertatzen abelburu guztiak –44.000 Gipuzkoan–. Arrazoia geografikoa da: herrialdeok muga eta Pirinioetako pasabidea direnez, "hesia" sortu nahi dute gaixotasuna gehiago zabal ez dadin. Urbietaren arabera, Gipuzkoan txertaketa kanpaina martxoaren lehenengo hamabostaldian amaitzea aurreikusten dute.
Gaixotasunaren ezaugarriei erreparatuta, Urbietak azaldu duenez, pertsonentzat kaltegabea bada ere, ganaduaren artean oso kutsakorra da. Gaitza ez da zuzenean kutsatzen, bi bitartekariren bidez baizik: eltxoak eta kaparrak. "Azkar ibili behar da, kontagiatzen delako eltxoen eta kaparren bitartez. Eltxoak egiten duena da birusa eraman abere batetik bestera; ziztatzean hartzen dio gaitza abere positiboari eta sartzen dio negatiboari", zehaztu du albaitariak.
Gaitzaren ondorioz, abereei koxkor edo noduluak ateratzen zaizkie gorputz osoan –buru, lepo eta sabelean–, eta horiek lehertzen direnean kutsatze arriskua hazi egiten da, bai animalien artean, baita, esaterako, garraio-kamioietan ere. Gaitzak eragindako kalte ekonomikoak handiak izaten dira: gaixotutako behien esne ekoizpena izugarri jaisten da, abortuak eragiten ditu eta, kasu batzuetan, aberea hil ere egiten du.
Prebentzioa neguan, arriskua udaberrian
Txertaketa kanpaina negu garaian egitea ez da kasualitatea. Neguan, hotzarekin, eltxorik ez da, eta, horregatik, garai ona da prebentziorako eta ganadua babesteko. "Orain, neguan, eltxoa geldi dago, baina hemen beroa hasten denean eta udaberri aldean espero da berriz ere eltxoak ugaritzea. Ordurako, behintzat, animaliak babestuta egongo dira", esplikatu du Urbietak.
Gaixotasuna tratatzeko modurik ez denez, oraingoz txertoa da aurre egiteko tresna bakarra. Horrekin batera, neurri higieniko zorrotzak ezarri dituzte abeltzainen jardunean: kamioiak desinfektatu egin behar dituzte eta intsektizidak erabili ukuiluetan. Gainera, Europatik datozen protokoloak "oso gogorrak" dira. Urbieta kexu da protokolo sistema horrekin: "Ustiategi batean kasu bat agertzen bada, animalia guztiak kendu behar dira. Guk ez dugu ondo ikusten neurri hori: dagoeneko ustiategi horretako eta inguruetako animaliak txertatuta eta babestuta baldin badaude, zertan akabatu behar dira denak?". Haren ustez, neurri horiek beste garai batekoak dira eta "Europa iparraldeko herrialdeen ikuspuntu eta interesei erantzuten diete, eta ez hainbeste hegoaldekoen benetako errealitateari".
Albaitaritza zerbitzuaren egoera, "oso larria"
Gai sanitarioaz harago, Urbietak Debabarreneko eta Gipuzkoako albaitarien egoera kezkagarria dela adierazi du. 1990ean lanean hasi zenean, haren eremuan 35 albaitari ziren; gaur egun, hamar bakarrik geratzen dira, eta hiru urte barru hiru baino ez direla izango aurreikusten du. "Egoera oso larria da", ohartarazi du.
Urbietak kontatu duenez, baserrietako albaitariaren egunerokoa ez da erraza. Alde batetik, erakundeek eskatutako aldi baterako "lan ofizialak" egiten dituzte, adibidez saneamendu kanpainak, eta horiek taldean, laguntza osagarriarekin eta modu ordenatuan egiten dituzte. Baina, bestetik, albaitarien eguneroko jardun nagusia dago, "klinikakoa": erditzeak, biriketako arazoak edo beherakoak, edozein ordutan gerta daitezkeenak. Urbietak zehaztu duenez, "momentuan etxera etortzen zara eguna amaitu duzula pentsatuz, eta handik ordubetera abisua sartzen da erditze batentzako; eta joan egin behar duzu".
Urbietaren ustez, gazteentzat bizimodu hori ez da erakargarria. Autonomo lan egiten dute, lan gogorra da fisikoki, ordutegi finkorik gabea eta sakrifizio handikoa. "Lan gogorra da. Erditze bat atenditzea gogorra da, eta hurrengo egunean berriro altxatu behar duzu... Gazteek nahi dituzte beste kondizio batzuk. Gu horrelaxe ohitu ginen eta jarraitzen dugu, baina gazteek ez dute hori nahi", azaldu du. Gaur egun, "gazte askok ikasten dute Albaitaritza eta oso ondo jarduten dute. Asko emakumezkoak dira, eta jendea oso gustura dago eurekin, baina kanpainetan bakarrik jarduten dute". Urbietaren ustez, "sistema antolatuago baten faltagatik".
Eremu handiak eta guardia neketsuak
Albaitari kopurua gutxitu ahala, estali beharreko eremua handitu egin da. Urbietak orain bakarrik egiten du lan bere eremuan, nahiz eta asteburuetan beste bi lankiderekin txandatzen den guardiak bermatzeko: "Bakarrik geratu naiz nire zonan, eta beste bi albaitarirekin elkartu naiz. Hiruron artean egiten ditugu aste bukaerako guardiak, eta tokatzen zaigu lan egitea hiru astean behin".
Gaur egun, Urbietak hiru-lau bailara atenditzen ditu: "Hasi Debabarrena, Debagoiena, Urola, Urola Kosta… Gatzagatik Aiara". Haren esanetan, albaitari lana gogorra da fisikoki eta mentalki: "Oso gogorra da. Egun batean tokatzen zaizu, agian, abisua Aretxabaletatik eta egun berean, agian, beste bat Aiako baserri batetik. Ekonomikoki zerbitzu asko ez dira errentagarriak, baina egin egiten ditugu. Bidean ematen dugun denbora kobratuko bagenio, zenbat kobratu beharko genioke baserritarrari?".
Administrazioaren ardura
Urbietaren ustez, administrazioak esku hartu beharko luke lehenbailehen: "Administrazioak antolatu behar luke zerbait albaitarien sektorean, gauza asko ez baitira errentagarriak, baina zerbitzu hori eman egin behar da. Esaterako, Aldundiak antolatuko balu errelebo sistema bat albaitari gehiagorekin, albaitari bakoitzak ordutegi mugatuagoa izango luke, lana egingarriagoa izango litzateke eta gazteentzat ere erakargarriagoa. Dagoeneko berandu gabiltza".
Urbietaren ikuspegitik, jokoan dagoena ez da albaitaritza zerbitzuaren jarraipena bakarrik, baserri-munduaren biziraupena baizik. "Esplotazio asko desagertzen ari dira. Joera da esplotazio oso txikiak, hiru-lau ganadu dituztenak, bajatzea eta kontzentratzea gehiago. Zer nahi da, hiru esplotazio handi geratzea eta beste denak pikutara joatea? Euskal Herrian dugun baserri tradizio eta mendietako paisaia guztiak galtzea? Mendiak zikindu egingo dira dena lagata", ohartarazi du Urbietak, etsipen puntu batekin.
Agustin Urbietak 30 urtetik gora daramatza Debabarrenean baserriz baserri, eta, hiru urte barru jubilatzeko asmoa duen arren, etorkizuneko erreleboaren ardura daroa aldean. "Egoera larria da. Hiru-lau urte barru nork atendituko ditu Gipuzkoako baserritarrak? Zerbitzu hori mantendu egin behar da, bestela baserri mundua pikutara joango da eta".
Ganaduen txertaketak gaitza gelditu egingo duela aurreikus liteke, baina, Urbietaren arabera, albaitaritza zerbitzua bera da kolokan izango dela laster, neurririk hartzen ez bada.