Gizonezkoek Mintxetan jokatu zuten Debako Amaikak Bat taldearen aurka, eta 6-2 gailendu ziren. Ibon Alonsok sartu zituen Haundiren lehen bi golak eta Michael Ebowek murriztu zuen aldea lehen zatiaren amaieran. Bigarren zatian markagailuko aldea handitu zuten zuri-gorriek Yeray Dobarrok eta Eñaut Igartuak sartutako golei esker. Andoni Perezek sartu zuen debarren bigarren gola, 78. minutuan. Halere, partidaren aginteari eutsi zion Haundik eta bi gol gehiago sartu zituen partidaren azken minutuetan. Julen Guillo eta Markel Sanchez izan ziren golegileak. Gol ugari ikusteko aukera izan zuten Mintxetan batutako zaleek, eta ikusgarriak izan ziren bat baino gehiago (ikus partidako golak bideoan).
Haundi sailkapeneko bosgarren postuan dago, 39 punturekin (ikus sailkapena). Hurrengo jardunaldian auzokoen aurkako derbia jokatuko dute Azkoitian, Anaitasunaren aurka. Sailkapeneko bigarren postuan daude azkoitiarrak, 47 punturekin, hau da, Real Union liderrak baino hiru puntu gutxiagorekin. Domekan jokatuko dute partida, 17:00etan Txerloia futbol zelaian.
Lehia bizian bergararrekin
Ohorezko Erregional Mailan diharduen emakumezkoen Haundi taldeak garaipen argia eskuratu zuen Zizurkilen, Aiztondo taldeari 1-3 irabazita. Azkar laga zuten bideratuta partida, lehen hamar minutuetan Ane Callejak eta Aroa Cernadak sartu zituzten bi golei esker. Manar Ahyayouchek sartu zuen garaipena ziurtatzeko gola, bigarren zatiko seigarren minutuan. Etxekoen gola 79. minutuan iritsi zen, markagailuari buelta emateko beranduegi.
Andoni Duartek eta Alex Zalbak gidatutako taldeak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du, hogei jardunalditan 46 puntu batuta. Halere, lehia estuan dabiltza bergararrekin. Elgoibartarrek moduan, haiek ere errenkadan irabazi dituzte azken bost partidak eta zuri-gorriek baino puntu bat gutxiago dute sailkapenean, 45 puntu, hain justu ere (ikus sailkapena). Bederatzi jardunaldi falta dira liga amaitzeko. Lehenengo sailkatua zuzenean igoko da Euskal Ligara, eta bigarrenak Bizkaiko eta Arabako bigarrenen aurka jokatuko du, igoera eskuratzeko jokoan izango den beste txartelaren bila.
Haundik etxean jokatuko du asteburuan, Oiartzun B taldearen aurka.
- C.D. Elgoibar klubeko taldeen emaitzak HEMEN