Gaur hitzaldia eta zapatuan mendi martxa izango dira Basalgo zentral eolikoaren kontra

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 5a

Asteon, Basalgo zentral eolikoaren kontrako bi jarduera egingo dira eskualdean. Batetik, gaur, eguena, energia berriztagarrien bidezko trantsizio energetikoari buruzko hitzaldia eskainiko du Soraluzen Raoul Servert adituak. Mendiak Bizirik taldeak antolatuta, begirada kritikotik aztertuko du gaia. Zapatuan, berriz, Basalgo zentral eolikoa eraiki nahi duten Topinburu-Irure ingurura mendi martxa izango da. Debabarrenetik zein Debagoienetik abiatuko dira martxak. Antolatzaileek eskatu dute txaleko horiekin joateko.

Gaurko hitzorduari dagokionez, Energia berriztagarri bidezko trantsizio energetikoa. Begirada kritiko bat: lurralde antolaketa edo espekulazioa? izenburua duen hitzaldia eskainiko du Raoul Servert adituak. 18:30ean izango da, Tolarekua aretoan, gaztelaniaz.

Jakintza aldetik, curriculum ikusgarria dauka Servertek; besteak beste, geografoa da, lau master ditu eta Araudi SLPko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia da.

Hain justu, azpiegitura energetikoen kontuan eskarmentu handiko bulegoa da Araudi, hainbat udalentzat lan egin baitu alegazioak aurkezteko txosten teknikoak egiten. Besteak beste, Soraluze-Elgoibar arteko Karakate zentral eolikoaren kontrako alegazioak landu zituzten Araudin. Zentral eoliko horren proiektua bertan behera laga zuten.

Debarroko mendi martxa

Zapatuko mendi martxari dagokionez, Debagoieneko zein Debabarreneko lau udalerritatik abiatuko dira martxak:

  • Soraluzetik, Plaza Barritik, 09:00etan. Bergararrak soraluzetarrekin batera joango dira.
  • Elgetatik, 09:30ean.
  • Eibartik, 09:30ean, Urkizutik.
  • Elgoibartik, 09:00etan, tren geltokitik, Eibarrera joan eta eibartarrekin batera igotzeko.

Gero, Topinburun elkartu eta bertan ekitaldi  bat egingo dute 11:00etan. Antolatzaileek txaleko horiak eramateko eskatu diete martxara batuko diren guztiei, goian egingo duten ekitaldi sinbolikorako.