Aurten hamar jardunaldi izango ditu Gipuzkoako Hirutxirlo federazioak antolatzen duen txapelketak, eta erdiak jokatuko dituzte Debabarreneko bolatokietan; bola jokoak eskualdean duen indarra agerian uzten duen datua. Hamaikagarren jardunaldi bat ere edukiko du txapelketak, hain zuzen, Lehendakari Saria jokatuko dute azken tiraldian. Eibarren izango da aurtengo itxiera ekitaldia, maiatzaren 30ean.
Idotorbeko bolatokian hasiko da
Lehen jardunaldia Elgoibarren jokatuko dute, martxoaren 7an, Idotorbeko bolatokian, 17:00etan. Zenbait bolatokitan txapelketa "paralelo" modukoa ere jokatuko dute barikuetan. Idotorben, esaterako, egongo da tiraldia barikuan, 23:00etatik aurrera. Bederatzi taldetako bolariak lehiatuko dira txapelketan, honakoak: Elgoibarreko San Migel, Aretxabaletako UDA Hirutxirlo, Elgeta, Lastur, Soraluzeko Ezozi eta San Andres, Bergarako San Joxepe, Azkoitiko Floreaga eta Eibarko Asola-Berri.
Iazkoan, Jon Aransolo markinarrak jantzi zuen Gipuzkoako Hiru Txirlo lehiaketako txapela. Eta, Bittor Astigarraga eibartarrak irabazi zuen Azkoitiko Floreaga auzoan jokatu zuten Lehendakari Txapelketa.
Hona jardunaldi guztiak, txapelketa iragartzeko kartelean.
