Mendaron banatu dituzte aurten Landaola Sariak, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egiteko sariak. Bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta lau sari banatu dituzte: Erakunde Pribatuen Saria, Erakunde Publikoaren Saria, Emakumeak Landa Eremuan Saria eta Urteetako Ibilbideari Saria. Lehenengo bietarako hautagaiak Gipuzkoako sei landa-garapen elkarteek aurkeztu dituzte, bakoitzak bana, eta jakinekoak ziren ekitaldia hasi aurretik, irabazleak gaur jakinarazi badira ere, sari banaketa ekitaldian. Beste bi sarieetarako hautagairik ez zegoen; ez behintzat publiko eginda, eta hain justu ere Maitane Beristainek jaso du sari horietako bat.
Emakumeak Landa Eremuan Saria
Landa eremuetan emakumeek egiten duten "lan ikusezin eta komunitatearen biziraupenerako funtsezkoa" bistaratu nahi izan dute gaur Beristainek jaso duen Emakumeak Landa Eremuan Sariarekin. "Emakumeek duten lidergoa, ekintzailetza eta konpromisoa" aitortzeko saria izan da, eta pozarren jaso du Beristainek, Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenerako eta Europako Politiketarako zuzendari Joseba Terrerosen eskutik. Hunkituta aritu da oholtzan lasturtarra, eta proiektua sortu zuenetik gaur arte bidean lagun izan dituen guztiak izan ditu gogoan saria jaso berritan, etxekoengandik eta gertukoenengandik hasita.
Lasturko aterpetxea kudeatzen hasi zen Beristain 2004an, baina geroztik tabernaren eta landetxearen ardurari ere eutsi dio. Ostatu zerbitzuaz gain, bisitariak hartu, bisita gidatuak eta tailerrak antolatu eta auzoa aktibo mantentzen ditu. 2018an, gainera, Ainhoa Gallardorekin batera kooperatiba bat ere sortu zuen Lasturren.
Urteetako Ibilbidea Saria
Urteetako Ibilbidea Saria, berriz, Tolosako, Aldaba Zahar ustiategiarentzat izan da. Landaola Fundaziokoaren esanetan, ustiategi txiki baten bideragarritasuna, tokiko elikadura katearen sendotzea eta gizartean nekazariaren lanari berriro ere balioa ematea uztartu ditu Xabier Almandoz ustiategiko arduradunak. Horregatik "nekazaritza eredu aurrerakoiaren eta konprometituaren adibide argia" izan da Tolosaldean. Nabarmendu dute intentsifikazio-eredua nagusi zen garaian hasi zutela proiektua, eta eskala txikiko, gertuko eta lurraldearekiko lotutako planteamendua jarri zutela erdigunean. Saria Xabier Almandozek berak jaso du, Landaola Fundazioko lehendakari den Eneko Maiozen eskutik.
Gainerako sarituak
Erakunde publiko eta pribatuen sailean, hamabi hautagai zeuden. Landaola Federazioa osatzen duten Gipuzkoako sei landa-garapen elkarteek aurkeztu ohi dituzte hautagaiak, bakoitzak bana, eta aurten ere hala egin dute. Debabarrenetik, beraz, bi hautagai proposatu ditu Debemenek: Eibarko Basagune Kontsumo Elkarte Ekologikoa erakunde pribatuen atalean, eta Itziarko Auzo Udala erakunde publikoen sailean. Hala ere, hautagai izateak ematen duen poz horrekin gelditu behar izan dute batak zein besteak, sariak Oiartzungo Biziraun Oiartzungo Baserritar Elkartearentzat eta Beizamako Udalarentzat izan direlako, Bizi Beizama proiektuagatik.
Oiartzungo Bizi-Iraun Baserritarren Elkartearen izenean, Juan Luis Retegik jaso du saria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari Joseba Aranbururen eskutik. Bizi-Iraunek Oiartzungo nekazari eta abeltzainen sektorea sustatzea eta indartzea ditu helburu, eta sektoreko profesionalei laguntzea du egiteko nagusia. Haien ustez, baserria da elikadura sistemaren oinarria, eta "paisaiaren zaintza, biodibertsitatearen babesa eta komunitatearen kohesioa" bermatzen dituen bizimodua da baserrikoa. Iaz, bi egitasmo jarri zituzten martxan: herriko gazteentzako udako praktiken programa batetik, eta herriko baserrietan gizendutako txekorren okela Oiartzunen bertan merkaturatzeko ekimena, bestetik.
Erakunde publikoen saria, berriz, Itsaso Herria, Sindikato herri-dendarentzat izan da saria. Gorka Sasieta Itsaso Herria Sindikato herri-dendako ordezkariak jaso du saria, Enetz Ezenarro Mendaroko alkatearen eskutik. Itsasoko Alegia auzoko Sindikatoa dendak "formatu berritzailea" du. Izan ere, saltzailerik gabeko denda autonomoa da. Ekoizleek zuzenean hornitzen dute denda, eta bazkide diren herritarrak, aplikazio informatiko baten bitartez, nahi duten unean sar daitezke erosketak egitera. Itsaso 600 biztanle inguruko herria da, eta denda funtsezkoa bihurtu da eguneroko erosketak herrian bertan egin ditzaten herritarrek, autorik hartu beharrik gabe. Bost ekoizleren eta hiru artisauren produktuekin hornitzen dute denda, eta produktu horiez gain beste batzuk ere badituzte, eskualde mailako Biziola kooperatibak astean birritan hornitzen baitu denda, herrian ez dituzten produktuekin. Era berean, Ormaiztegiko Maria Eugenia dendako oinarrizko beste zenbait produktu ere badituzte dendan. 67 bazkide ditu gaur Sindikatoak, gehienak itsasoarrak, baina Ezkion, Gabirian eta Ormaiztegin erroldatutakoek ere bazkide izateko aukera dute, baldin eta Itsason lan eginez gero. Gainera, zapatuetan, goizez, denda publiko zabalari zabaltzen diote, bazkide boluntarioek dendari lanak egiten dituztelako borondatez eta txandaka.
Debabarreneko bi hautagaiak
- Eibarko Basagune Kontsumo Elkarte Ekologikoa.
Basagune Eibarren sortutako kontsumo elkarte ekologikoa da, Azataporrua kontsumo elkartean oinarritu dena. Izan ere, elkarte horrek urteetan egin du lan elikadura ekologikoaren alde, baina herritar gehiagorengana iristeko eta eragin soziala handitzeko sortu zuten Basagune, zuzeneko salerosketa gunea. Basagunek "alternatiba erreal, hurbil eta eskuragarria" eskaintzen die herritarrei; aldi berean, eskualdeko ekoizle ekologikoentzat "merkaturatze-bide egonkor eta bidezkoa" bermatzen du. Debemenetik nabarmendu dutenez, kontsumitzaileen parte-hartzea eta kontzientzia kolektiboa sustatzeko tresna ere bada gaur, eta aldi berean, landa-eremuarekin lotutako ekintzailetza kolektibo eta iraunkorra posible dela ere erakusten du.
- Itziar. Itziarko Auzo Udala.
2026-2027 ikasturtean, lehen aldiz, Itziarrek Eskola Txiki propioa izango du. Horri esker, 12 urte bitarteko herriko ikasleek hezkuntza herrian bertan jaso ahal izango dute, eta horrek, jakina, eragin positiboa izango du Itziarko egunerokoan, bai herri izaeran eta baita komunitatea sendotzeko orduan ere. Hogei urte dira Itziarren Eskola Txikia lortzeko lanean hasi zirela, eta pozarren daude urteetako lanak emaitza izan duelako. Nabarmendu dutenez, Eskola Txikia bat etorriko da Itziarko Udalaren balioekin, eta elkar elikatu eta indartuko dira. Transmitituko dituzten balio nagusiak honako hauek izango dira: belaunaldien arteko transmisioa, ingurumenaren zaintza eta parekidetasuna. Arantza Egaña auzo udaleko alkatearen esanetan, Eskola Txikia "herriaren dinamikak eta komunitatea sendotzeko tresna eraginkorra" izango da.