Martxoak 8 (2026)

Maria Bestar: "Inoiz betetzen ez den zulo baten tipokoa da indarkeria bikarioaren biktimen mina"

Ainara Argoitia Arano 2026ko martxoaren 7a

Maria Bestar aktore eta zuzendaria.

No estás loca. La verdad sobre la violencia vicaria dokumentala aurkezten izan zen ostegunean Elgoibarren Maria Bestar abeslari, aktore, gidoilari eta zuzendaria, eta bezperan egindako elkarrizketa duzue hau.

Bizipen propioetan oinarrituta sortutako No estás loca izenburuko film laburretik izen bereko dokumentala ondu du Maria Bestar aktore eta gidoilariak (Madril, 1980), indarkeria bikarioa jasan duten emakumeen eta nerabeen azalean jarrita. Berrogei testigantza baino gehiago bildu ditu, tartean profesional askorena, erakusteko sistema judizialak sistematikoki huts egiten diela haurrei.

Emakumeen kontrako indarkeriak forma asko ditu, baina indarkeria bikarioa da, beharbada, denetan ankerrena. Nola definituko zenuke?

Bai, hala da. Esango nuke emakume bati min egiteko modurik krudelena dela. Munduan asko ibilitakoa naiz; abeslari nintzenean, asko ibili nintzen Latinoamerikan eta harreman handia egin nuen indarkeria matxistaren biktima askorekin. Bikotekideen jipoiengatik koman amaitu zuten emakumeak, labankadaz eraso egindakoak, bortxatutakoak ziren, senperrenak eta bi sufritutakoak, eta gauza bera errepikatzen zidaten guztiek: "Maria, zauri fisikoak senda daitezke, baina zauri psikologikoak ez; betirako dira". Eta indarkeria bikarioa, nagusiki, hori da; emakume bati min erreparaezina eragitea. Beldurra darabilte armatzat erasotzaileek, eta, kasurik larrienetan, seme-alabak hiltzen dituzte.

Zu zeu ere biktima izan zara. Artista polifazetikoa zara, emakume kultua. Batek baino gehiagok esango du: "Nolatan gertatu zitzaion hori Mariari?". Zein da biktimen profila? 

Ez dago profil jakin bat. Dokumentalean ageri diren biktimen artean badaude medikuak, poliziak, kazetariak, gizarte-laguntzaileak, pediatrak... eta apropos aukeratuta daude, nazkatuta nagoelako beti gauza bera entzuteaz: biktimak emakume eskolagabeak, pobreak, migratzaileak... direla. Ez da egia. Izatez, gainera, indarkeria bikarioa gehiago gertatzen da klase ertain edo altuko harremanetan, eta askoz da zailagoa identifikatzea, lotsa handiagoa ematen duelako. Erasoak klase ertain edo altuko bikoteetan gertatzen direnean, gainera, nekezago sinisten zaio emakumeari eta erasotzailea babestera egiten du inguruak. 

Noiz eta nola jabetu zinen bizi zenuena ez zela normala?

Ez da batere erraza izaten. Uste dut seme-alaben kontrako eraso larri bat egin zuenean jabetu nintzela %100ean. Nik, lehen, normalizatu eta minimizatu egiten nituen bikotekidearen jokaera asko. No estás loca film laburra grabatzen hasi nintzenean, banandu eta hamabi bat urtera, jabetu nintzen ez zirela batere normalak indarkeria bikarioa bere gordinenean bizi izan nuen garaian normaltzat eman nituen gauza asko. Dozenaka elkarrizketa egin ostean konturatu naiz hori dela biktimon izendatzaile komuna: bikotekidearengandik banantzea erabakitzen duten ama gehienek berandu hartzen dutela erabakia, hain justu ere gizona zuzenean seme-alaben kontra egiten hasten denean. Ordura arte mila klasetako torturak pairatu izanak izango dira, baina seme-alabak arriskuan ikusten dituztenean hartzen dute amek banantzeko erabakia. Eta gehienek pentsatzen dute hor amaituko dela sufrikarioa, baina ez, orduan hasten da benetako tortura. Bi gauza gertatzen dira: arriskua hartzea behar bezala funtzionatzen ez duen sistema batek epaitu eta bigarrenez biktimizatzeko, edo seme-alabak erasotzailearekin bakarrik uzten hasi beharra, epaileak zaintza partekatua ematea ebatzi duelako.

Zer profiletakoak dira erasotzaileak? Badago jarraitzen duten patroi bat?

Profil jakinik ez dago, baina bai patroi bat, eta beti da berbera. Espainia osoa zeharkatu dut testigantzak biltzen, eta ematen zuen gizon bera izan genuela biktima guztiok bikotekide. Esaldi berberak, portaera bera, egiteko modu berberak... ikaragarria da. 

Eta patroia hain agerikoa bada, zergatik da hain zaila identifikatzea eta zigortzea?

Hori da neure buruari egiten diodan galdera. Ez dit uzten seme-alabekin egoten, ez dit uzten haiekin hitz egiten berarekin daudenean, mila aldiz errepikatu dit ez dudala ezertarako balio, ez dit pentsioa ordaintzen...  jokatzeko modua hain da antzekoa kasu guztietan, harrigarria da kasu gehiago ez zigortzea. Zoritxarrez, gehiago lehenesten da gurasoaren eskubidea haurren eskubidea baino, eta horixe salatzen dut dokumentalean ere, haurtzaroko eskubideetan adituak direnen ahotik. Nik beti diot aita ez dela obulua ernaltzeko hazia jartzen duena, baizik eta ume hori zaindu eta maite duena, baina, hala ere, indarkeria bikario kasuetan gehiago babesten da aita gisa jokatzen ez duen gizona umeak baino. Nazio Batuen Erakundeak joan den astean egin zuen publiko zazpi urtean behin haurtzaroko eskubideen inguruan egiten duen txostena, eta Espainiak ez du gainditu. Arrazoi osoz, gainera. 

Diozu askotan etxekoek eurek ere bizkarra ematen dietela biktimei. Hortik No estás loca izenburua, ezta? 

Bai. Gizarte matxista batean hezi garelako gertatzen da hori. Duela hogeita hamar bat urtera arte, barre egiten genuen orbanez betetako emakume bat erakusten zuen Martes y Trece umoristen esketxarekin. "Nire senarrak normala dena jotzen dit"; uste dut hori esaten zuela. Batetik, oso normalizatuta daukagu indarkeria, eta, bestetik, oso barneratua dugu emakumeak kexatiak eta histerikoak garen uste hori. Odoleraino sartu digute. Ni neu ere oso matxista izan naiz askotan, eta lan handia egin behar izan dut ikasitakoa desikasteko. Oso grinatsuak eta pasio handikoak ere bagara hemen. Japoniarrei azaldu egin behar izaten zaie hori hona datozenean, bestela taberna batera sartu eta denok elkarrekin haserre geundekeela pentsatuko zuketen eta. Horregatik da oso garrantzitsua erakustea badaudela marra gorri batzuk inolaz ere ezin daitezkeenak gainditu.

Bi erasotzaile-mota bereizten dituzue: badira kolpe bakarrean emakumea betirako apurtzea bilatzen duten erasotzaileak, beren seme-alabak hilez, eta badira emakume bat torturatzeko bizi osoa dutela uste dutenak. Bigarrenean jartzen duzu arreta, bereziki.

Bai; biak dira oso gogorrak, batean seme-alabak hiltzen dizkizutelako eta bestean bizian galtzen dituzulako. Ama batzuek bost-sei urte daramatzate beren seme-alabek hitz egiten ez dietela, aitak haren kontra jarri dituelako edo seme-alabek hitza ukatu diotelako, aitaren beldurrez. Hainbesterakoa izaten da aitari dioten beldurra, ezen amaren kontra jartzen diren, bizirauteko. Ulertzekoa da: sistemak erasotzailearekin bizitzera behartu baditu, zer egin behar dute gaztetxo horiek? Horixe ari da gertatzen Juana Rivasen semearekin ere. Ikaragarria da. Sekula betetzen ez den zulo baten tipokoa da mina; ikasi dezakezu harekin bizitzen, baina ez da sekula sendatzen. Horrek amengan sortzen dituen inpotentzia eta desesperazioa neurrigabeak dira. Jarri ume txikiak dituen ama baten larruan. Egoera normal batean ere, ama guztiok arduratzen gara asko gure seme-alabez; bada, pentsa ezazu zer izan behar den bost astez umeak laga behar izatea direnak eta bi egin dizkizun gizonarekin. Ba al dago hori baino tortura handiagorik?

Nola da posible sistema judizial oso batek sistematikoki huts egitea? 

Umeek amek esaten dietena sinisteko eta ipuinak kontatzeko joera duten uste hori oso barneratua dugulako; matxismoagatik. Laura Hernandezen kasua da adibidea. Laurak epaileari berari galdetu zion ea arriskuan ikusten zuen semea aitarekin, 11 urteko semeak ez zuelako aitarekin joan nahi, beldurra ziolako. Epaileak ezetz erantzun zion, semeak aita ikusten jarraitu behar zuela, eta astebetera aitak hil egin zuen. Epaile horrek, emakumezkoa bera, lanean jarraitzen du, eta ez du sekula aurpegirik eman nahi izan gerora. Itziar Prats getxoztarraren kasuan, berdin. 2 eta 6 urteko alabak hil zizkion bikotekideak, epaileak amak eskatutako urruntze agindua ukatu ondoren. Ez dakit epaile horiek nola diren lo egiteko gai! Hilketen %90 saihestu zitezkeen, neurri egokiak hartuta. Bistan da umeek gezurrak esan ditzaketela, baina horretarako daude profesionalak, egia ateratzeko. Badira umeak bulbobaginitisarekin eta kitzikapen sexualagatiko eritemekin itzuli direnak aitarekin egotetik eta medikuak txostena egin arren epaileak sinistu ez diena, ez dela aski proba esanda. 

Zer ikusten duzu premiazkoa gai honetan?

Formazioa. Medikuak etengabe ari dira ikasten eguneratzeko, eta epaileak, zer? Gauza bat esango dizut: polizia bera prestatuago dago epaile asko baino. Prestatu behar ditugu haurrekin harreman zuzena duten guztiak: irakasleak, pediatrak, fiskalak, epaileak... 

Bada kontu bat indarkeria matxistaz ari garen aldiro leporatzen zaiguna: gizonen kontrako gerra hasi dugula.

Ez da egia, baina. Hau ez da gizonen kontrako gerra bat, ezpada gizonek eta emakumeek gizonezko jakin batzuen kontra hasitako gerra. Gizon asko ere badira indarkeria matxista horren biktima. Zenbat mutiko, mutil gazte eta gizon daude gure artean betiko hondoa jota indarkeria matxistagatik? Film laburra aurkeztera unibertsitatera joan nintzen batean, 21 urteko mutil batek hala esan zidan: "Eskerrik asko, eraildako umeengatik asko hitz egiten delako, baina ez nire antzera suizidioa beste aukerarik ez dugula pentsatu dugun gazteez". Vicente Magro epaileak esan zidan 88 suizidio kasu zenbatuak zituztela nerabeen artean. Horietako askok eskola jazarpenaren biktima izan zirelako hil zuten beren burua, baina Magrok esan zidan ikertzen ari zirela beste zenbat ziren etxean indarkeria matxista sufritu zutenak. Erasotzaileen semeen %35k aiten patroia jarraitzen dute, eta beste %75ak tratu txarrak jasoko ditu noizbait harreman batean. 

Eta beste bat da salaketa faltsuen kontua...

Bai, betikoa. Ez dago ikusi nahi ez duena baino ergelagorik eta itsuagorik. Datuak argiak dira. Teresa Peramato fiskalak argi dio: %0,01 dira salaketa faltsuak. Biderkatu nahi izanez gero milagatik edo ehun milagatik. Zenbat lirateke? Eta gizonek jartzen dituzten salaketa faltsuak? Zenbat dira? Haiek ere jartzen dituzte, baina inork ez du haiei buruz hitz egiten. Ez, emakume guztiak ez dira santak, baina gizonezko guztiak ere ez. Nik beti diot salaketa faltsuak jartzen dituztenek zigorrik gogorrena merezi dutela, min handia egiten ari zaizkielako benetako biktimei.

Eman dezagun itxaropenerako mezu bat.

Asko aurreratu dugu eta jende asko ari da lanean barru-barrutik hau aldatu ahal izateko. Kontua da oso motel ari garela aurrera egiten eta haurtzaroa oso aldi motza dela. Salatzen jarraitu behar dugu. Begira, dokumental honen harira hainbeste lekutatik deitzen ari bazaizkit, zerbaitegatik da, kontzientzia bat egon badagoelako. Emanaldi guztietan etortzen zait jendea, laguntzeko zer egin dezakeen galdezka. Bada zerbait.

Eta, zer erantzuten diezu? 

Beren metro koadroan eragiteko eta, bereziki, biktimei sinisteko, ez daitezen bakarrik sentitu. Indar handia ematen du horrek. Gero, biktima bakoitzak erabakiko du zer egin, baina, behintzat, senti daitezela ulertuak, askotan etxekoek ere bizkarra ematen dietelako. Joan den astean eskola batean izan nintzen, formazio bat ematen, eta kezkatuta zirudien mutiko batek zera galdetu zidan: "Nire lagun bati antzeko zerbait gertatuko balitzaio, zer esan beharko lioke amari harremana utzi dezan? Kontra egin beharko lioke aitari?". Ezetz esan nion, ez egiteko kontra aitari, baina kontatzeko irakasleei edo konfiantzazko heldu bati. Eskolako irteeran zain neukan irakaslea, eta esan zidan bikote-harremanetan muturrik ez sartzeko agindua zutela eurek. Onartezina da hori. Vicente Magro epaileak esan zidan gizarte konplizea esaten zaiola horri eta delitutzat hartzen dutela, gizartea ezin delako isildu halako kontu baten aurrean.

Ezer gehitu nahiko zenuke?

Emakumeak ez garela elkarri min egitekoak, hori ere sinestarazi digute eta. Beti topatuko dugu emakume bat laguntzeko gertu. Eta hemen hori da garrantzitsua: gizon eta emakumeok elkarri laguntzea.