Ehunka herritarrek salatu dute Basalgo zentral eolikoak eragingo duen kaltea

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 7a

Gaur, zapatua, ehunka lagunek hartu dute parte  Basalgo zentral eolikoaren kontra antolatutako mendi martxan. Hiru udalerritatik abiatu dira herritarrak, Soraluzetik, Eibartik eta Elgetatik. Topinburun elkartu, eta han, aeorsorogailu batek izango zukeen zapataren buelta osoa irudikatu dute, eta, zentralak eragingo lituzkeen kalteen berri eman dute. 

Bidean, bertatik bertara ikusi dituzte Basalgoko zentrala osatuko luketen aerosorgailuen zein bestelako azpiegituren kokaguneak.

Hiru mendi martxek Soraluze, Bergara eta Eibar arteko mugak adierazten dituen mugarrian egin dute bat eta handik, Topinburura joan dira elkarrekin.

Hain justu, Topinburun eraiki nahi dute Basalgo zentral eolikoak izango lituzkeen sei aerosorgailuetako bat eta hark izango lukeen tamaina eta eragingo lukeen kaltea irudikatzeko, eolikoaren zapataren besteko buelta irudikatu dute mendi martxako partaideek.

Bertan eman ditu azalpenak Eibarko Baso Biziak taldeko eta Eibarko Mendiak Bizirik plataformako kide Manex Arzuagak.

Arzuagak esplikatu duen moduan, guztira, sei aeorosorgailu eraiki nahi dituzte, eta mendian eragingo dituzten kalteez gain, azpimarratu du inguruko udalerrietatik oso gertu eraiki nahi dituztela.

Arzuagak gaineratu duenez, martxoaren amaiera aldera Diputazioan konparezentzia egingo dute eta horrekin batera gogora ekarri du abenduan aurkeztutako 6.282 alegazioen erantzunaren zain daudela.

Gaurko mendi martxa borobiltzeko, Topinburutik, Azurtza aldera egin dute herritarrek, haraino ere ailegatuko bailitzateke Basalgo zentrala. Mendi martxako partaideen artean, proiektuak kaltetutako zenbait baserritar ere izan dira, Eibarkoak, Soraluzekoak zein Bergarakoak. Horietako bat da Eugenia Ubera Bergaretxe baserrikoa, eta, hark suminduta esplikatu du bizi duten ezinegona. Azpimarratu du krimena dela egin nahi dutena, diruaren izenean. 

Azurtzan, berriz, agurtu aurretik, esan dute asmoa dutela aurrerantzean hilero elkartzeko, gaiari jarraipena emateko helburuarekin. Beraz, gaurkoa bukatu dute, baina Basalgo zentral eolikoaren kontrako borroka hasi besterik ez da egin.