Aldundiak Maltzaga-Soraluze bidegorriaren proiektua lizitatuko du, eta obrak 2027an hasiko ditu

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 10a

Aldundiko eta Eibarko eta Soraluzeko Udaletako ordezkariak atzo Maltzagan. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Aurten Debabarreneko eta Debagoieneko bidegorriak lotzeko proiektua idatziko dute eta lanak 2027an hastea aurreikusten dute.

Atzo goizean, Aldundiko diputatuak eta Eibarko eta Soraluzeko alkateek, agerraldia egin zuten Maltzagan bertan gaiaren berri emateko. Bertan jakinarazi zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak datozen asteetan lizitatuko du Maltzaga eta Soraluze arteko bidegorria eraikitzeko proiektua eta proiektuak Soraluze-Maltzaga arteko bidegorriaren behin betiko trazadura, epeak eta gauzatzeko aurrekontua zehaztuko ditu.

Jose Ignacio Asensio diputatuak iragarri duenez, proiektua aurten erredaktatuko dute eta lanak 2027an hasiko dira: “Gaur urrats erabakigarria egin dugu Deba haranarekin zor historiko bat kitatzeko. Proiektuaren idazketa aktibatuko dugu, Debabarrena eta Debagoienaren arteko behin betiko konexioa ahalbidetuko duena, konexio estrategiko eta seguru baten bidez. Aurten bertan izango dugu proiektua, eta 2027an hasiko ditugu milaka pertsonaren eguneroko mugikortasuna hobetuko duten eta eskualdean mugikortasun jasangarria indartuko duten obrak”. Asensiok azpimarratu duenez, “urrats irmoa egin dugu Deba haranerako lotura estrategikoa gauzatzeko. Mugikortasun jasangarriago, seguruago eta irisgarriago baterantz egin ahal izango da aurrera, eskualdeen arteko eguneroko joan-etorriak oinez eta bizikletaz egitea erraztuz”.

Aldundiak aitortu duenez, “teknikoki konplexua den trazadura da, zenbait puntutan mendi-hegaletatik, lehendik dauden azpiegituretatik hurbil dauden eremuetatik eta baldintzatzaile hidraulikoak eta bide-baldintzatzaileak dituzten inguruneetatik igarotzen dena”. “Proiektuak lekuan bertan ahalik eta hobekien txertatzea zehaztu beharko du, segurtasuna, ingurumen-integrazioa eta ibilbidearen jarraitutasuna bermatuz”, zehaztu dute.

Aldarrikapen historikoa

Maltzaga-Soraluze arteko bidegorria eraikitzea aldarrikapen historikoa izan da, bereziki, Soraluzeko Udalaren partetik baina baita beste udal batzuen aldetik ere.  

Hala, atzoko agerraldian Jon Iraola Eibarko alkateak Deba bailara osoko mugikortasunerako aurrerapen horren garrantzia azpimarratu zuen. “Urteetan espero izan den albiste baten aurrean gaude. Maltzagaren eta Soraluzeren arteko lotura zen ibarraren ardatz ziklagarria osatzeko falta zen elementua, eta gaur oso urrats garrantzitsua ematen dugu hori egia bihurtzeko ”, adierazi du.

Iraolak azpimarratu du, gainera, azpiegitura horrek udalerrien arteko eguneroko loturak hobetzea eta joan-etorrietarako aukera berriak eskaintzea ahalbidetuko duela. “Eibarrentzat eta eskualde osoarentzat mugikortasun seguruagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa errazteko aukera da, pertsona askok oinez edo bizikletaz mugitu ahal izan daitezen gaur egun etengabe konektatuta ez dauden herrien artean”, gaineratu du.

Bestalde, Unai Larreategi Soraluzeko alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela tarte hori osatzea eskualdearen lotura hobetzeko: “Soraluzetarren ongizatea hobetzeko proiektu estrategikoetako bat abian jartzera doala ikusteak asko pozten gaitu. Deba haraneko bi eskualdeen bidegorri konexioa osatzeko pauso garrantzitsua ere bada gaurkoa. Horri loturik, esan nahi dugu Soraluzeko Udalak aurtengo urtean aztertuko duela herri barruan nola lotuko liratekeen Maltzagatik etorriko litzatekeen bidegorria eta Bergarara doana. Gaurkoa izan dadila lehen pausoa bi eskualdeen arteko eguneroko mugikortasuna hobetzeko bidean Maltzagak jokatu dezakeen papera indartzeko. Bidegorriaz gain, autobus eta tren zerbitzua hobetzeko potentzial handiko gunea dela baiteritzogu”.