Dolmenen Ibilbideko aurkikuntzak erakutsiko dituzte lehen aldiz Elgoibarren, Soraluzen eta Bergaran

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 12a

Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko udalek, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Debegesarekin batera, erakusketa ibiltaria eta beste hainbat ekimen osagarri antolatu dituzte Dolmenen Ibilbideko ondarea ezagutarazi eta bertan aurkitutako materialak herritarrei erakusteko.  

Atzo, asteazkena, Elgoibarko Aita Agirre kultur etxean aurkeztu zuten martxoan hasi eta maiatzera bitartean, Elgoibarren, Soraluzen eta Bergaran Dolmenen Ibilbideko ondarea ezagutarazteko egingo den ekitaldi sorta.

Aurkezpenean izan ziren: Elgoibarko Alkatea, Maialen Gurrutxaga; Bergarako Alkatea, Gorka Artola; Soraluzeko Alkatea, Unai Larreategi; Aitziber Cortazar, Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko arduraduna; Amaia Esnaola, Debemenetik eta Aranzadi Zientzia Elkartetik Juantxo Agirre, Aranzadiko koordinazio batzarkidea eta Jexux Tapia arkeologoa. Aurkezpenean adierazi zutenez, datozen hilabeteetan egingo den erakusketa eta gainerako ekimenen bitartez, "eskualdeko ondare historiko eta naturalaren erreferentziazko baliabide gisa indartu nahi dute Dolmenen Ibilbidea".

Erakusketa ibiltaria eta ekimen osagarriak

Antolatutako ekimenen artean, herririk herri joango den erakusketa ibiltaria izango da garrantzitsuena. Hala, martxoaren 19tik 26ra, erakusketa Elgoibarren izango da ikusgai, Aita Agirre kulturgunean; apirilaren 10etik 26ra bitartean, Bergaran, Aroztegi aretoan; eta, azkenik, apirilaren 27tik maiatzaren 9ra, Soraluzen izango da, kiroldegiko erakusketa gelan. Egun horietan, herri bakoitzean bisita gidatuak antolatuko dituzte LH 6. mailako ikasleentzako, “gazteek euren herriko ondarea ezagutu dezaten”.

Erakusketaz gain, Debegesak eta hiru udalek beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Esaterako, solasaldia adituekin: apirilaren 21ean, 18:00etan, Bergarako Aroztegi aretoan. Bertan izango dira Miriam Cubas (historiaurreko zeramikan aditua), Ignacio Montero (arkeometalurgian aditua), Francisco Etxeberria (antropologia fisiko eta forentsean aditua) eta Monica Ruiz Alonso (ikatz eta hazi karbonizatuen analisian aditua).  

Bestalde, apirilaren 21ean, Dolmenen ibilbidearen gaineko ikusentzunezko bat ere aurkeztuko dute Soraluzen, adituen eta herritarren testigantzak jasoko dituena.   Azkenik, bi bisita gidatu ere antolatuko dituzte Dolmenen Ibilbidean zehar, bata, martxoaren 21ean, euskaraz eta bestea, maiatzaren 2an, gazteleraz.

Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte ekitaldietan parte hartu eta historiaz gozatzera.