Loreleiren eta Gorosabelen bakarkako diskoko kantek osatuko dute, batik bat, biharko kontzertua

Ubane Madera Zangitu 2026ko martxoaren 12a

Mikel Gorosabel Garai 40' Rock jaialdian, EH Sukarrarekin. Argazkia: Gau Ilunak.

Bihar, barikua, Mikel Gorosabel Garai musikari entzutetsuak kontzertua eskainiko du Soraluzeko Asigor tabernan. Eibartarrak aurreratu duenez, batik bat Loreleiren eta bere bakarkako Barne basoan barna diskoko kantuak interpretatuko ditu, baita EH Sukarraren gutxi batzuk ere. 20:30ean hasiko da kontzertua. Argazkia: Gau Ilunak, 40' Rock. 

Asigor tabernako Alex Elizondok esan duenez, lagunak dira bera eta Mikel Gorosabel eta Errekaldeko jaietan, irailaren 18an auzoko jaietan EH Sukarrak bertan jotzeko hitzordua lotu zuten. Horren bueltan proposatu zion lehenago tabernara etortzeko aukera eta baietz esan zuen.

Biharko kontzertuari dagokionez, berriz, Gorosabelek esan duenez, izango dira Loreleiren kantuak, bakarkako Barne basoan barna bere diskoko kantuak eta baita EH Sukarraren kantu batzuk ere.

Sekulako kantuak

Loreleirekin lotuta, esaterako, Gorosabelek gogora ekarri du 2022an taldearen hirugarren diskoa kaleratu zutela, Ekografiak. “Disko kontzeptuala. Sekulako kantuak agertzen dira bertan, inor ez da enteratu. Asier Serranorekin lotura handia daukat. Letragile pertsonala izateaz gain, harreman estua daukagu. Anaiak gara. Agurren balada kantuko hitzak ere dotore egin ditu. Nire eta EH Sukarraren azalean murgiltzen da magiaz Asier. Hari ere zor diogu gaur egungo arrakasta”.

Hain justu, EH Sukarraren bolada indartsuari buruz ari da Norton azken esaldi horretan, aparretan baitabil Eibarko talde beteranoa, kontzertuetan plazak ple-ple eginez, bai sasoi bateko jarraitzaile fidelez, eta baita orain taldea biziki jarraitzen duten gazteez ere.

Halaxe kontatu du Mikel Gorosabelek Barrenari eskaini dion elkarrizketan. Bihar, barikua, irakurri ahal izango da Barrena periodikoan.

Agenda betea

Bestalde, Asigor tabernako Elizondok esan duenez, Soraluzeko tabernarako apirilaren bukaerara arteko agenda itxita dauka, eta, orain arteko bidetik, kontzertu akustikoak eta musika “desberdinak”, bertsiodunak ere izango du lekua Gipuzkoa Etorbideko tabernan.