40' Rocken jende asko egon zen zuenean; eta, batez ere, gazteak.
Bai. Horrela izaten ari da azken boladan.
Hori ez da gauza makala, ala?
Uhinak (2013) eta Azken gezia (2015) diskoekin arrakasta izan dugu gazteen artean. Azken biztanleak (Uhinak) gure lehen bideoklipa argitaratu genuen 2013an. Aro berri honen hasiera izan zela esango nuke; 2015ean, Aspaldiko loreak kantu-bideoa argitaratu genuen, eta arrakasta izan du. Orain, gazteek kantatu egiten dute zuzenekoetan. Kamiñazpiko ekaineko kontzertuan hasi ginen hori nabaritzen. Lehen aldia izan zen Aspaldiko loreak-en ni isildu eta publikoak kantatzen zuena. 40' Rocken izan zen nabariena; baina aurretik, Iparraldean jo genuen batean, Loiolak esan zidan: "Mikel, Iparraldean kantu berriak zaharrak baino hobeto dakizkite". Iparraldean, eta hemen ere bai gazteek.
Zuek horrekin pozik, ala?
Guretzat hori da saria. Gure arrakasta hona heltzeko egin dugun ibilbidea da.
Batzuk joan eta bueltatu egin dira; zuek ez zarete joan.
Ez, gu ez gara inoiz joan; pentsatu izan da joan garela, baina ez gara inoiz joan. Gorputzak ematen ez digunean joango gara. Ez dugu horrelako agurrik egiteko asmorik. Agurrak, gehienetan, marketin kontuak izaten dira, gaur agurtu eta bihar banator.
Kantu eta bideoklip berria duzue: Agurren balada.
Azaroan kaleratu genuen. Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu, hark Zestoan duen estudioan. Oso pozik gaude harekin egin dugun grabaketarekin.
Diskorik aterako duzue?
Ez dakit. Kantu solteak argitaratzea da momentuz daukagun asmoa. Loreleirekin taldearen hirugarren diskoa kaleratu genuen 2022an, Ekografiak. Disko kontzeptuala. Sekulako kantuak agertzen dira bertan, inor ez da enteratu. Asier Serranorekin lotura handia daukat. Letragile pertsonala izateaz gain, harreman estua daukagu. Anaiak gara. Agurren balada kantuko hitzak ere dotore egin ditu. Nire eta EH Sukarraren azalean murgiltzen da magiaz Asier. Hari ere zor diogu gaur egungo arrakasta.
Udaberri eta udarako ere nahikotxo hitzordu dituzue, ezta?
Bai, hala da. Euskal Herriko hainbat plazatan egongo gara.
Aspaldiko loreak-ek EH Sukarra kantua pasatu du ranking-ean…
Bai, baina guri ez zaigu inporta zenbat play dituen. Hori nahiko berria da. Orain dela hamar urte atera genuen Aspaldiko loreak, eta ekainean hasi ziren gazteak kantatzen kontzertuetan. Lehen aldia izan zen ez nuena estribilloa nik kantatzen, eurek kantatzen zutelako. Ordutik, beste plaza batzuetan ere gertatu da; 40' Rocken izan da nabariena. Emozioz eta ilusioz bete gaitu.
Horren arrazoia badakizue? Zergatik kantu hori? Zergatik orain?
Kantu batek arrakasta duenean arrazoiren batengatik izaten da. Jendeak irizpide ona dauka.
Azken gezia diskoan igarri duzue?
Bai, eta Uhinak-en ere bai. Kontua izan da 2013an eta 2015ean bi disko atera genituela, 2002tik atera barik egon ondoren, 11 urte. Jotzen jarraitu izan dugu, kontzertu gutxi batzuk. Taldearen aldaketak ere izan du eragina bilakaeran.
Orain, egonkortuago zaudete?
Gaztetasuna galdu dugu, baina gaur egun talde askoz helduagoa gara. Cesarren, Loiolaren eta nire artean daukagun harreman estu eta gatazkarik gabekoak asko laguntzen du horretan. Ezinbestekoa ikusten dut edozein musika proiektutan musikarion arteko harremana eta ulermena. Musikari ona izatea baino garrantzitsuagoa dela esango nuke. Bestela, makina ez dabil ondo.
Kontzertuen ugaritzea ere hortik dator?
Alde batetik, bai. Azaroan kaleratu dugun Agurren balada kantuari eta Nerea Kortabitarteren laguntzarekin egindako promoari esker jendea enteratu egin da. Hedabide instituzionalek, urte askotan ohituta gauden bezala, kasu gutxi egin digute oraingoan ere, edo batere ez. Baina argi ikusten da gero eta nabariagoa dela euren ahultasuna. Urte batzuk daramatzagu plazak betetzen. 2013tik hona. Ordutik joan da gorantz. 2002tik diskorik kaleratu gabe egonda, Uhinak kaleratu genuenean zalantza zegoen. Entzule batzuek nahi izan zuten nik beraiek uste zutena egitea; EH Sukarraren lehen diskoko kontzeptua jarraituz, adibidez. EH Sukarra diskotik kantu-sorta ederra jotzen dugu gaur egun ere, baina garai haietan izan nuen musika egiteko modua pasatu da. Orain, orainean nago. Guretzako diskorik garrantzitsuena izan da, dudarik gabe. Hala ere, neure buruari egiten diot kasu, aurrera egin dut. Errezeta nik buruan izan dudana izan da, kanpoko eraginik gabe.
Zelan definituko zenuke zure garapena?
Lehenengo, apustua egin behar da, musikari izatea, profesional moduan bizi ahal izateko. Gizarteak oso gutxi laguntzen du horretan. Musikari asko dago edonon: "¿A qué te dedicas?"; Soy músico; "Ah, mi nieto también toca la guitarra". Sarritan, gogorra egiten da. Korrontearen aurka arraunean ibiltzea ez da erraza, baina bai beharrezkoa. Saltsan murgilduta egotea da kontua, egin eta egin, eta, horrela, doinuak irteten joaten dira.
Baina musikari moduan ere zure musiketan beste sakontasun bat ere igartzen da, ala?
Nik bihotzarekin konposatzen dut, nire arimarekin. Ideia on bat datorrenean, aurretik egin duzun ibilbidearen saria izaten da. Merezitako saria. Bestela, kantu perfektuak izango nituzke, eta ez ditut halakoak topatzen. Ni kantu-ehiztaria naiz, melodia-ehiztaria. Ez naiz obsesionatzen, baina hor egon behar da.
EH Sukarra kantuak zergatik du horrenbesteko indarra? Kristorena delako, ezta?
Noski; 14 urterekin sortu nuen, Eibarko institutuan txikerra egin nuen batean. Orain, produktore batek EH Sukarra kantuak sarrera luzeegia duela esango luke, seguruenik. Ahotsa lehenago sartu beharko zela. Gaur egun, hiru segundo entzun eta hurrengo kantara pasatzen dira musika entzule gehienak.