Gipuzkoako 26. Ezti Lehiaketan saria eskuratu du Zortziko Eztiak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 18a

Julian Villena Gipuzkoako Ezti Lehiaketan saria jasotzen. Argazkia: Zegamako Udala.

Nagore Dorronsoro debarrak eta Julian Villena elgoibartarrak ekoizten duten Zortziko Eztiak Herritarren Saria eskuratu zuen, igandean (martxoaren 15ean) Zegaman egin zen Erlezain Egunaren baitan.

Gipuzkoako Erlezain Eguna ospatu zuten igandean (martxoak 15) Zegaman, eta bertan lurraldeko eztigilerik onenak elkartu zituen Gipuzkoako 26. Ezti Lehiaketa egin zuten pilotalekuan. Goiz guztian luzatu zen dastaketaren ondoren burututako sari-banaketan lau sari eman zituzten. Horien artean, Nagore Dorronsoro debarrak eta Julian Villena elgoibartarrak ekoizten duten Zortziko Eztia saritu zuten; hain zuzen, Herritarren Saria eskuratu zuten. 

Zazpi eskualdetako —Tolosaldea, Goierri garaia eta behea, Bidasoaldea, Donostialdea, Urola eta Deba— 21 erlezain onenek parte hartu zuten sariketan, eta 26. edizio honetan Irungo Miguel Berridiren eztia gailendu zen. Bigarren postua Hernaniko Markox Pagolak lortu zuen, eta hirugarrena, berriz, Oiartzungo Juan Mari Arabolazak. 

Dorronsoro gustura agertu da sariarekin. Azaldu duenez, Debako Zoro Ferian lehen postuetan sailkatutako eztigileek izan zuten Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko aukera. Aurten, esaterako, Zoro Feriaren baitan egin zen ezti-lehiaketan lehen saria eskuratu zuten, eta horri esker lurralde mailako sariketan parte hartzeko txartela lortu zuten.

Eztigile debarrak azpimarratu duenez, "oso errekonozimendu ona" da Zegaman lortutakoa. "Epaileek ematen duten sari nagusia eskuratu ez badugu ere, publikoak norberaren eztia aintzat hartzea baino hoberik ez dago. Azkenean, eztia kontsumitzen duena jende arrunta da, publiko orokorra, eta sari hori lortzea oso adierazgarria dela iruditzen zaigu. Ilusio handia egin digu, eta horrelako sariek perspektiba ematen dute lanean jarraitzeko".