Korrika bi aldiz pasatuko da Debabarrenetik

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko martxoaren 19a

Korrikaren aurreko edizioa Ermuan barrena.

Gaur arratsaldeko 15:30ean abiatuko da Korrika Atharratzen eta datozen hamar egunetan 2.175 kilometro egingo ditu martxoaren 29an Bilbora ailegatu arte. Bitartean, bi aldiz pasatuko da Debabarrenean, martxoaren 25ean, Deban eta Mutrikun barrena eta 28an, amaitu bezperan, Elgoibar, Soraluze, Eibar, Ermua eta Mallabia zeharkatuz.

Euskara gara lelopean, Atharratzen abiatuko da 24. Korrika. Ez da kasualitatea euskararen aldeko lasterketa erraldoia Zuberoako herri horretan abiatzea, izan ere, oso gutxitan igaro da Basaburua eskualdetik (azkena 1985ean) eta, bestetik, eskualde hura da, biztanle kopurua kontuan hartuta, euskal hiztun gehien galdu dituen eskualdea. 

Bailaran, bi egunetan

Martxoaren 25ean iritsiko da Korrika Debabarrenera (asteazkena), Urola Kostatik, Zumaiatik barrena. Arratsaldez ailegatuko da Itziarrera, 17:59ak aldera. Debako herrigunera, berriz, 18:57erako ailegatzea dago aurreikusia. Debatik Mutrikura egingo du gero, eta Mutrikura 19:23ak aldera iristea espero da. Handik Bizkairako bidea hartuko du. 

Martxoaren  28an (larunbata) iritsiko da berriro gure eskualdera euskararen aldeko lasterketa, oraingoan Azkoitia aldetik. Azkaraten behera etorriko da, eta 19:26ak aldera sartuko da Elgoibarren. Elgoibar gurutzatu ondoren Soraluzerantz hartuko du. 20:36ak aldera ailegatuko da hara, eta Soraluzeri itzulia emanda, berriro ere Maltzaruntz egingo du, Eibarren sartzeko 21:11ak aldera eta 22:00ak izango dira Ermura iristerako. Azkenik, bidean gora egin eta Mallabiatik ere igaroko da lasterketa 22:29ak aldera. Honatx lekukoaren ailegaera orduak eskualdeko herrietara:

Martxoak 25, asteazkena

  • Itziar 17:59ean
  • Deba 18:57
  • Mutriku 19:23

Martxoak 28, zapatua

  • Elgoibar 19:26
  • Soraluze 20:36
  • Eibar 21:11
  • Ermua 22:00
  • Mallabia 22:29

Korrikaren zuzeneko emisioa Barrena.eus-en

Gaur hasi eta Korrikak irauten duen hamar egunetan Barrenak lasterketaren zuzeneko emisioa eskainiko du Barrena.eus-en, EITBk eskuragarri jarri dituen streaming emisioak baliatuta. Hala, Korrikaren hasiera, ibilbide osoa eta amaierako ekitaldia zuzenean jarraitu ahalko dira.