Gaur zortzi, jubilatu eta pentsionista debarrentzako irteera antolatu zuen Arbil Elkarte Sozialak. Irekia zen, parte hartzeko nahikoa zuten tren geltokian agertzearekin. Horrela, 25 lagun joan ziren Ermura, eta herrigunetik Aixolarako bidea hartu zuten. Eguraldi ederra izan zuten eta, urtegiari buelta eman ondoren, berriz ere jaitsi ziren Ermura, nahikoa ibili ostean etxerako trenera igo eta ondo merezitako atsedena hartzeko.
Artarrai Mendi Taldekoek zapatuan hartu zuten Debarako trena. Egun euritsua suertatu zen, baina irteera honetan ez zuten mendirik igo behar, lurrazpia bisitatu baizik: Ermittia Behekoako galeria estuetan espeleologia egiten aritu ziren. Ekintza honetara ere 25 lagun batu ziren, eta lur barneko edertasunaz gozatu zutela kontatu dute, "bertako bizilagun diren saguzarrei enbarazu handirik egin gabe".
Argazkia: Artarrai.
