24. Korrika

Korrika Txikiek aurrea hartuko diote bihar handiari, bai Deban, bai Itziarren

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 24a

Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta 24. Korrikaren aldarriek Itziar eta Deba hartzeko. Korrikaren lekuko ofiziala 18:00ak aldera iritsiko da bihar (martxoak 25) Elorriaga auzora, baina aurrez hasiko dira herritarrak giroa berotzen, Korrika Txikiekin.

Euskara gara lelopean abian da 24. Korrika. Bihar arratsaldean Zumaiatik iritsiko da lasterketa herrikoia Itziarrera, 18:08 inguruan, eta Deba zeharkatu ondoren hartuko du Mutrikurako bidea, 19:30 aldera.

Lehenago, ordea, Korrika Txikia egingo dute ikasleek. Deban, Luzaro ikastetxeko haurrek (2 urtekoek izan ezik) 15:00etan jarrita dute hitzordua, portuan; 6. mailakoak hasiko dira han, eta bidean, gainontzeko mailetako ikasleak batzen joango dira, adinaren arabera. Ibilbidea honakoa izango da: portutik Ondargain tabernara, handik Labar tabernara, ondoren Gurutze Gorrira, gero La Caixatik herrira sartuko da lasterketa eta Plaza Zaharretik eta Foruen Plazatik pasako dira parte-hartzaileak. Foruen Plazan bukatuko da ekimena; bertan egingo dute ekitaldi nagusia eta, ondoren, txokolate-jana izango da Zubi Guraso Elkartearen eskutik.

Itziarren, berriz, 15:15ean ekingo diote Korrika Txikiari. Itziarko Eskolak eta Lizarbe Guraso Elkarteak Bikain parean elkartzeko dei egin diete herritarrei. Ondoren, herrigunean ibiliko dira euskararen aldeko lasterketan.